Iñigo Aranbarri.

Nekaldia

2026ko apirilaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aste Santua zinemarekin lotzen duen belaunaldikoa naiz. Bospasei filmez betetzen genuen urte sasoi hau telebista baino ez genuenean: Ben Hur, Quo vadis, Hamar mandamenduak, Barrabas, Espartako… Jesusen hildura ez zen aitzakia baino bestelako epika batez lotzeko ikuslea, izan koadriga lasterketak, Neronen megalomania edo Erromaren erreketa. Aurten ere, pelikula pare bat ikusten eman dut ostegun santua. Eta nahi izan du halabeharrak, nekaldiak nekaldiari dei eginda, aukera digital guztien artean Steve McQueen britaniarraren Hunter hautatzea aurrena.

Errotan ehoa utzi nau McQueenek. 1981ean irlandar presoek Long Kesheko kartzelan euren eskubideen defentsan Margaret Thatcher-en gobernuarekin izaniko borroka egunetan dago girotua. Plastizitate basaz egina, itzuri egiten zaio edozein karikaturari. Errazkeriarik ez. Irrati txatalek, espetxe barneko indarkeriak eta tiro batek soilik hausten dute isiltasun beltza. Norberak entzuten duena baino ez da aditzen. Eta tentsioaren erdian, Bobby Sands eta apaiza solasean 17 minutuko plano sekuentzia bakarrean, indarkeria politikoari buruz inoiz entzun dudan elkarrizketa zorrotzena. Gose greba mugagabea hastera doaz presoak. Bi ikuspegi kontrajarri, nor azeri nor oilo, jolas dialektikoan: testuinguru historikoa eta pertsonaien psikologia, konbikzioa eta fatalitatea.

Kasualitateak norberak ere bultzatzen dituelako-edo hautatu nuen bigarrena. Hunter-en aipatu eleketak urratzen badu ageriko bortizkeria, Gaspar Noe-ren Irreversible-n bortxaketa batek hausten du ikuslea. Jesusen nekaldia ez da maskulinoa, ez da epikoa. 9 minutuko orro isila, fikzioan izanagatik, ikuslea zinema aretotik ateratzerainokoa.

Gaur, kanpai hotsek eta Haendelen Alleluiak iragarriko dute Pazkoa. Urtero lez, Jesusen gisa egunen batean piztuko den Aberri bat dugula gogoraraziko zaigu. Eta bozkariorako aldarriaren azpitik, nekaldizko ibai eguneroko hau, egiturazko biolentziaren emarian batetik bestera,  fikziotik bizitzara halabeharrez erdi itoan garamatzana, errime eta etsi. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA