martxelo otamendi

Nekazarien haserrea

2026ko urtarrilaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Oso gutxik ukatuko dute gure ekonomiaren lehen sektorea —arrantza, nekazaritza, ekoizpenerako baserria…— asko ahultzen ari dela; azken hamarkadotan batik bat. Hustu diren baserrien eta etxaldeen zerrenda ikusi besterik ez dago. Arrazoi soziologikoek eta ekonomikoek azaltzen dituzte argien jaitsieraren arrazoiak.

Soziologikoak. Kaleko lanekin alderatuta, baserriko lana oso lotua eta gogorra da —ordu kopurua, inbertsio handiak, atseden gutxi…—, eta oso ulergarria da baserrietako seme-alabek nahiago izatea ikastea eta kaleko lan batean jardutea gurasoen lanbidean aritzea baino. Hiru bat hamarkadotan gertatu da aldaketa hori, eta, horren ondorioz, baserri asko bizileku dira, baina ez ekoizpen gune.

Ekonomikoak. Deskonpentsatuta dago baserriak eskatzen duen lana ematen duen irabaziarekin.

Hiltzen ari zaigu sektorea, eta oinarrizkoa da gure ekonomian eta elikadura katean. Bertako produktuak dagokion garaian jan nahi baditugu, ez baditugu milaka kilometrotara ekoitzitakoak kontsumitu nahi —kalitate kontrol ahulagoak, zero kilometro…— hemengo baserrietako baratzeetan eta kortetan lan egingo dutenak behar ditugu. Nahi eta nahi ez.

Horregatik, oso ulergarria da Europako nekazariek eta abeltzainek Europako Batasunak eta Mercosurrek —25 urte negoziatzen!— egin duten akordioari erakutsitako haserrea. Labur eta sinple esanda, Europak autoak eta sendagaiak salduko dizkie Mercosurreko kideei —lauri bakarrik: Brasil, Argentina, Paraguai eta Uruguai—, eta Mercosurrek Europako baserritarren eta abeltzainen ekoizpenari konpetentzia egingo dioten lehen sektoreko produktuak salduko dizkio Europari. Alderantziz izan balitz —Mercosurrek autoak eta sendagaiak saltzea Europari—, ez zatekeen akordiorik egongo.

Oraingoz, europar herritarren borondatea ordezkatzen duen Europako Parlamentua akordioaren aurka atera da —euskal europarlamentariek ere akordioaren aurka eman dute botoa—, eta Batasuneko Justizia Auzitegira eraman dute akordioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA