martxelo otamendi

Nolako akordioa Ukrainan

2025eko urriaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Errusiak Ukraina 2022ko otsailean inbaditu zuen une beretik, Errusiako, Ukrainako, Europako eta AEBetako buruzagiek dakitena –Errusiak ez duela atzera egingo Ukrainari hartutako lurretan— gauzatu beharko da noizbait akordio baten bidez. Ez dute denek konbentzimendu berarekin sinatuko akordioa, baina irteera bakarra da berdinketa teknikoan dagoen gatazkari irteera bat emateko. Ukrainaren zoritxarrerako, bistan da.

AEBetako eta Europako herrialdeek Errusiaren aurkako neurri ekonomikoak hartu zituzten, gasa eta petrolioa erostea zailduz, Mosku gerra finantzatzeko baliabiderik gabe utziko zutelakoan. Ez du ematen agindu ziguten ondorioa lortu zutenik. Europarrek, agintariak jakinaren gainean egonda, arazorik gabe segitu dute Errusiako petrolioa erosten. Egunotan jakin dugu Errusiak 1.400 itsasontzi mozorrotu inguru erabiltzen dituela petrolioa batean eta bestean banatzeko; karga arrunta daramatela adierazita, baina tankeetan Errusiako petrolioa eramanda.

Palestinan Israel egiten ari den genozidioak itzali egin du azken urtean Ukrainako auzia, baina ematen du berriro lehen orrialdera itzuliko dela Donald Trump eta Vladimir Putin hurrengo egunetan Budapesten egitekoak diren bilkura dela eta. Putinek, Europa gerran sartuko ez dela jakiteak ematen dion lasaitasunarekin, bereari eutsiko dio bileran, alegia, ez duela atzera egingo Ukrainari hartutako lurretan, eta Volodimir Zelenskik onartu beharko duela Errusiaren exijentzia. Denbora bere alde du Errusiak, bere mende dauzka Krimea eta Ukrainako ekialdeko lurrak, eta ikusten du Mendebaldea gerran sartzen ez den bitartean lasai iraun dezakeela oraingo egoeran. Besteak beste, inbasioaren hasieran Mendebaldeak amestu zuen barne zatiketa gogorrik jazo ez delako Errusian.

Askoz ere zailago dauka Zelenskik. Badaki akordioa Errusiak nahi duen terminoetan egiten bada bere hilobi politikoa izango dela. Oso zaila izango duelako herritarren aurrean zuritzea gerra horrenbeste luzatu izana.

Txikia galtzaile berriro.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.