Iñigo Aranbarri.

Olatupean

2026ko azaroaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kudeaketak besteko garrantzia du politikan oroimenak, eta ahanzturak. Argigarri, azken hilabeteetako koadroa. Ezagutu ditugu nobela eskas batekoak diruditen pertsonaiak, hamaika lotsagabe eta hamabi lagun ustel. Agerian daude Sanchezen gobernuak egindakoak eta bistan zuloak: etxebizitza, inflazioa, Sahara, trenbideak, PISA, gazteria, pentsioak eta gutxieneko soldatak, agindu betegabeak… Baina memoria dugu. Intxorta dugu deika, Irun, Sartaguda. Ez dira pasako.

Jaurlaritzaren Soziometroak aurpegiratu digu asteon: boto-emaile abertzaleen artean, Pedro Sanchez da, presidente izateko hautagaien artean, babestuena. Azalpena hitzetik hortzera dabil, baita Espainiari kakazotz egin ohi diotenen ahotan ere. Atarian dugun faxismoari aurre egiteko jarri behar da Perrosanchezen aldeko lubakian, ez hark egindakoak saritzeko. 

Eta horretarako, oroimenak besteko pisua behar du ahanzturak. Alegia, gogora dezagun Gernika bonbardatua, baina ahaztu, esaterako, psoegal berdin da! eta X jaun guztiak. Izan ere, horixe da, hain zuzen, politika: oroitzapenen gestio konplikatu bat, eslogan asko eta bizikizun pertsonal gehiago zapatapean gordetzera behartzen gaituena. 

Sarritan, XX. mendean Alemaniaren kontra bi mundu gerretan hildakoak datozkit gogora. Milioika eta milioika gorpu lokazpean irabazle, zer eta, nazismoa garaitu eta hamabost urtera, makurtzera behartu zuten herrialde bera izateko Europan agintzen. Badakigu nola gertatu zen eta zergatik. Nekez antzezlanak titulu hoberik: «Galtzailea garaile».

Horregatik, sufrikario historikoen aurrean, denboragarrenera egiten denean galdera, «merezi izan al du?», gero eta absurdoagoa dirudi itaunak. Hasieratik dakar tranpa. Izan ere, zer gara ba, historiaren olatuek batera eta bestera garamatzaten gizabanakoak baino, diskurtso aldakorren eta memoria partzialen menpeko gorputz-gogoak, unez unekoa ametsez eta zaputzez, ahalik eta duinen bizitzera kondenatuak.     
   

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA