Maider Galardi

Oporrak norentzat

2025eko irailaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Goizeko hamaiketan du check-out-a. 10:15 dira gosaltzetik itzuli eta gelara igo denerako. Prest du maleta, baina dutxatu egin nahi du. Balkoira atera da azken zigarroa erretzera, eta bat-batean atea ireki dute. Ireki du Miriamek. Gela egitera dator. Barkatzeko, ai ama, barkatzeko, beranduago itzuliko dela. Turistak ezetz, sartzeko lasai, bera dela denboraz justu dabilena. Miriam hasi da maindire zaharrak kentzen eta zaborra husten. Turista deseroso dago terrazan zigarroa piztuta. Azken garbialdi bat eman nahi zion gelari, baina ez dio denborarik eman. Izan ere, lehen egunean garbitzaileetako bati eskatu zion lau egunetan ez sartzeko gelara, ustez gelariei lana erraztuko zielakoan. Bere turista-errua arindu nahi zuen horrela, baina egunotan buruan izan du ez ote zen langileen kalterako izango eskaera hura. Miriami galdetu dio ea zer nahiago duen. Erantzun dio ingelesak direla okerrenak, aurreko gela higuingarri zegoela, eta eskertzen duela hau txukun topatzea. Baietz, 21 gela egiten dituela egunean. Baietz, oso denbora gutxi duela bakoitzeko. Eskumuturretik operatuta dagoela minagatik. Ezetz, ez dituela 1.000 euro baino gehiago kobratzen hilean. Batzuetan zortzi egunez jarraian egiten duela lan, jai egunik gabe.

Urduri itzali du zigarroa turistak, gehitxo iruditzen zaio halakoak entzunda balkoian geldi begira egotea. Laguntzera altxatu da, zalantzati, kortesia eskasekoa delakoan. Deseroso dago bidaiari trajean, nahiz eta duela lau egun hona iritsi zenean emakume ahaldundu eta kontzientziadunaren jantziarekin dirdiratsu sartu zen gelan. Lanean hasi aurretik lau egun deskonexiorako. Bakarrik. Ez uharte batean, ez beste kontinente batean, ez pisu turistiko batean. Saloun. Txarrenean, zer kalte egin dezake ba horrek? Merci esan dio Miriamek turistari, mila esker ohea egiten laguntzeagatik. Turistak galdetu dio ea nongoa den. Senegalgoa, erantzun gelariak. Dutxatu gabe eta lotsatu antzean irten da gelatik turista. Igogailuan mugikorrari begiratu dio. Irakurri duen lehen albisteak dio estatuko biztanleen %20k ez dutela oporrik. Berak bai, lehen aldiz bizitzan abuztu osoa ordainduta. Bi egun barru lanean hasiko da berriz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.