Goizalde Landabaso

Oporrak

2026ko uztailaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beroa eta nekea gurutzatzen diren lekuan nago, itsasoan flowting egin baino ez dut nahi, eta insomnio gau luzeetan ardiak zenbatzen bainoago balea-jauziak zenbatzen hasi naiz. Ura den edozerk erakartzen nau; oraindik, baina, ez daukat Ibaizabalera dzanga egiteko tentaziorik, gazteak, Guggenheim inguruan, txapla eta txapla ikusten baditut ere. Ur behar horrek egunkariko argazkira eraman nau: mutiko gazte bat, urtegira salto egiteko gertu, txiribuelta airean dago. Argazki batzuek mugimendua dute, eta honek, nabarmenki. Salomonen Piszinak dira. Bethlehem hirian daude, Zirjordanian. Kristo Aurreko II.mendean sortu zituzten eta hango urtegiaren gozoan bainatu ohi dira palestinarrak. Argazkiaren poza lerroburuak suntsitu du: Israelek palestinarrei Bethlehem-eko Salomonen Piszinak aztarnategi historikoa kentzeko mehatxua egin die. Eta badakigu zer gertatzen den Israelgo Gobernuaren mehatxuekin genozidioa punturik puntu betetzen ari baita. Genozidio baten erdian zer da Salomonen piszinetan txonbo bat hartzea? Udarik existitzen ote da Palestinan?

Ziurrenen, oporretan zaude, eta zertarako gogaitu horrelako deserosotasunekin? Uda despresurizatzeko da, eta ez, aldiz: genozidioa, sexu abusuak, feminizidioak, suteak edota bestelako kontu latzetarako. Edo bai? Atzo lagun batek ziostan pribilegiatuak garela udan arazoak geldi litezkeela pentsatzen dugulako, edo gutxienez, gelditzearen simulakroan bizi gaitezkeelako. Ihes betea zilegi balitz bezala. Oporrak behar ditugu denok, eta aisialdi egun laburrak norberak nahi duen modura pasatzeko eskubidea beharko genuke. Baina oporrak aldatu dira, edo aldatu zaizkit, edo aldatuko zaizkigu, epe laburrera. Kataluniako Unibertsitate Irekiko Sylvie Perez psikologoak dio oporretako bidaiak imitazioz egiten ditugula, alegia, besteen olatuari jarraituta egiten ditugula, eta besteen aurrean harro erakusteko non egon garen, zenbat gozatu dugun, eta zein argazki eder atera diren. Zernahi direla ere, zakua beteko dizkizuten oporrak opa dizkizut, eta bueltan, zerorrek erabaki ezazu zer egin zaku bete horrekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA