Goizalde Landabaso

Oreka

2026ko apirilaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ume-jolasetako asko hipotesiak sortzean oinarrituta daude, etorkizuna zer den ulertzeko asmatuak dira, edota, hautaketa ezinezkoak egiteko demak egon daitezke. Guk elkarri galdetzen genion, maiz: «Bost zentzumenetatik zein sakrifikatuko zenuke?». Artean denok bizi ginen babesguneetan, eta pentsaezina zitzaigun gutako edonork zentzumenetatik bateren bat galdu zezakeenik. Ez dut akorduan zein sakrifikatzen nuen nik, agian usaimena? Pandemian galdu nuen eta a ze amorrazioa. Ikusmena fijo ezetz. Entzumena eta dastamena ere ez. Ukimena? Ez, ez dut uste. Ziurrenen, «bapez» esaten amaituko nuen, sekula ez baitzaizkit gustatu horrelako galderak/hautaketak. Egunotan, oreka galdurik agindu irmoa egin zidan medikuak: pantailak kanpora, irakurketa eta idazkuntza ere bai. Entzumena erabil ezazu. Hasieran, gogorra egin zait. Hamaika gomendio eman dizkidate ingurukoek; etzazu hau galdu, beste hura duzu... Entzumenaren plazer xaloa berreskuratu dut, daitort. Ahots batek zugan mundu bat edo bi isiotu diezazkizuke. Nahikoa da ahots horrek iradokitzen dizunarekin. Hitz arteko isiltasunetan gera zaitezke jakin-minak jota, eta zure burmuina bere bozaren patxadara egokitzen amaituko duzu. Ez duzu besterik behar. Demaseko zarata duen gure mundutxoetan, sarri, oinarrizkoenera itzultzea baino ez dago non gauden jakiteko, eta askotan, zer garen gogoratzeko. Egunotan nire buruaren irudiak gurasoen eraikinean bizi zen familia baten etxera eraman nau. Telebistarik ez zuten baina irrati zahar eta handi zoragarri bat, bai. Eta, oraintxe ikusten ari naiz, Etxeko Jauna, sofan eserita, sabaiari begira eta irratia entzuten. Uste dut hortxe maitemindu nintzela lehenengoz irratiarekin, gizon harengan ahots batek eragiten zuen lilura ikusita.

Bizitza bukle erraldoi bat da, eta gure baitako homo horrek, menderik mende, gurari bera izaten du: istorio on bat kontatuko dion ahots bat, jakin-mina piztuko dion misterio bat. Egunotan, akordura etorri zaizkit gauza asko; eta orekak ez duela balio lurrean zaudenean, ere bai. Hori, baina, beste istorio bat da.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA