Larunbat gauean etxera bidean, emakume eta gizon gazteak eztabaidatzen bazter batean. Ez dakit zein zen auzia baina, pasaeran harrapatutakoagatik, neure pelikula egin nuen. Gizonak ziotsan haserre: «Kitto, bada, utz nazazu!». Emakumeak ez ei zuen bera uzteko asmorik, eta zeozer azaldu nahi izan zion, baina gizona joan zen emakumea bere bakardadean utzirik. Bidea jarraitu nuen eta istorioa han nonbaiten geratu zen. Nire atzetik zetozen bi gizonek ere ikusi zuten jazotakoa, pasaeran ikusi ere, eta euren pelikula egin zuten. «Lehen erraz konpontzen zen hau: bi ostia eta ohera. Baina orain espetxera zaramatzate». Begiak talo geratu zitzaizkidan; aurrera jarraitu nuen, eurak, atzean. XXI. mendean zein klabetan dabiltza gizon hauek jipoiak eta kolpeak onartezinak direla ez jakiteko? Esaldia liseriketa aparatuan geratu zait, eta akordura etorri zait ni gaztetxoa nintzela emakume nagusien arteko solas baten erdian aditutakoa: «…gizon ona da eta ez zaitu jotzen». Esaldi hura ere heste lodian trabatua geratu zait, urte askoz geroago, tarteka, koxk egiten baitit. Gertaera bien artean lau bat hamarkada daude, eta badirudi joan den larunbatean nire atzetik batek daki nora zihoazen gizon horiek han geratu direla, buklean sarturik, iragan perfektuan iltzaturik.
Egunotan Mariluz Estebanek, Amorantek eta Itziar Garaluzek aurkeztutako Maitasuna ez da nahikoa ikuskizuna gozatzen ari nintzela, pentsamendu bat gurutzatu zitzaidan: esaldi horretara ailegatzeko zenbat kilometro-urte behar ditu emakume batek? Larunbat gaueko bazter batean eztabaidan zegoen emakumea jabetuko al da inoiz maitasuna ez dela nahikoa? Eta atzetik zetozen bi gizonek indarkeria ez dela aski ohartzeko zer beharko dute? Kilometro-urteak ala belaunaldi-urteak? Jasotzen ditugun sormenezko maitasun istorioak ondo amaitutzat ematen ditugu bikoteak elkarrekin amaitzen badu. Bidean topatu nuen bikotearen barru dinamikaz ideiarik ez dut, baina esaldia entzun eta burura etorri zitzaidan lehen pentsamendua argia izan zen: Utz ezazu. Batzuetan ondo amaitzea hori baita, bukatzea.