Gipuzkoaren erdigunean gauden arren, gure herriari paperezko, porlanezko, ahotsezko eta hezur-haragizko kartografiatik begiratzen diot, eta ezin diot pentsatzeari utzi zentroan egonagatik nahiko periferian kokatu gaituztela prozesu soziopolitiko zenbaitek. Beste batzuek beren hiribilduaren 500 urteak ospatzen dituzten artean, gureak, Lasarte-Oriak, 40Â urte bete ditu aste honetan, nahiz eta bere historiak ere baduen milurteko erdi bat gutxienez.
Horrek, ezinbestean, herria habitatzeko eta egiteko modua aldatzen du. Nire birraitonaren familia beti izan da plazakoa, baina administratiboki, azken hiru urteak egin zituen Lasarte-Lasarten. Nire aita, berriz, Hernanin jaio zen, eta U-ren ama Urnietan, nahiz eta etxe batetik bestera 300 metro besterik ez dauden. J-ren eta kuadrilla erdiaren aitona-amonak Extremadurakoak eta Gaztela-Leongoak dira jaiotzez, baina hona etorriak, nahiz eta Usurbilen —hau da Michelinen— egiten zuten lan. Oinez guretik gertuago, baina lur jabetzan albokoena baitzen fabrika. Baditugu abizen frantsesa duten herrikideak ere, gure udalerriarena ez den baina bertan dagoen hipodromora lanera etorritakoen ondorengoak. Ez hango eta ez hemengo, gu eskolara Donostiara joaten ginen zubia pasatuta, eta Manuel Lekuonak idatzitako Zeruan izarrik den arte, bere buruaren jabe. Beste herriren lokarri gabe nahi dugu gure Lasarteeee abesten genuen buruz, inongoak baino lehenago bertakoak garela ikasteko-edo.
Orain ere kantatzen dugu ereserkia ozen ea estaltzen duen beste zarata dena: kiroldegi berria egiteko alboko herriari lurrak eskatzearena, erraustegiaren kea ailegatzearena, eskolara joateko haurrek errepide kaxkarretik joan beharrarena, maketo, txungo, txurriano entzutearena, nahikoa euskaldun ez garenez alboko herrikoek hona ikastera etorri nahi ez izatearena, Donostia bizitzeko jasangaitza denez gure herria apurka gentrifikatzearena, fabriken zergak jaso ez, baina kaleratzeak daudenean herriko ehun sozialean eragitearena eta independentzia lortu genuenetik 36 urtean udal talde berak gobernatu izanarena.
Aurrerantzean, Lasarte kaso aparte erdi txantxetan erdi mespretxuz esaten diguzuenean, erantzungo dizuet nahiago dudala perizentro edo zentroferiez hitz egin, eta galdetu zein erdigunetatik begiratzen diguzuen zuek guri.