Hedoi Etxarte

Pozoia ahotik eta uzkitik

2026ko maiatzaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bideoa frankofoniako telefono guztietara zabaldu da. Laborategi batean emakume bat eta gizon bat, sagar ez-ekologikoak zuritzen ari dira eta emaitza da barazkien %50 eta fruituen %80 pestizidaz leporaino daudela. Sagarra txorrotaren azpian jarri, igurzten dute, labanarekin zuritzen eta emaitza nardagarria da: azala kenduta ere, sagarraren mamiak pestiziden erdia izaten jarraitzen du, egosita ere ez dira minbizia eta hormona desordenak sortu eta ugalkortasuna amiltzen duten kimiko horiek kentzen. Pozoia jaten dugu produktu freskoetan ere, egunean behin, hirutan, bostetan, tamaina, kolore eta zapore anitzetan.

Beste bideo batean aipatzen da etxean daukagun zazpi produktu pozoitsuenetako bat komuneko papera dela. Lehengoan, senide bati, hortzak garbitu ostean eskuila lehortzeko ere paper hori erabiltzea gomendatu zioten. Uzkiko eta sexuko azala, sarritan, ikusezinak diren zauritxoz betea egoten dela erakutsi ziguten institutuan. Baina astean berrogeita hamazazpi bider, hankartea igurzten dugu kloroarekin, ftalatoarekin, formaldehidoarekin. Formaldehidoa gorpuak kontserbatzeko erabiltzen diren produktuetako bat da. PFA kimikoak dauzka: gure gorputzean betirako geratzen diren pozoiak. Uste dugu gernuaren eta gorotzaren kiratsa kentzeak gaixotasunak kentzea esan nahi duela eta gaixotasun truke bat egiten dugu paperarekin.

2025etik eta frankofoniako paperezko prentsatik bereziki, nabarmen argitaratu da nola kakaoa, patatak eta garia jaten ditugunean, baita ekoizpena ekologikoa denean, kadmioa irensten ari garen.

Berrogei urte bete berri dira, askoren arabera, Sobietar Batasunaren amaieraren hasiera ekarri zuen Txernobylgo zentral nuklearraren leherketa gertatu zenetik. Sozialismo errealaren aldean, ordea, kapitalismo parlamentarioak abantaila diskurtsibo asko dauzka bere amiltzea ezinezko egiteko. Hala, azken asteotan ikusi dugu ezetz, Europako Batasunak ez dituela pozoi horiek debekatuko, ala debekatzeko erabakia atzeratuko duela, ala, zuzenean, pozoia atzerriko merkatu hitzarmenen bidez ekarriko digula ahora eta uzkira, dena legal eta hilgarri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA