martxelo otamendi

Pradales eta migratzaile berriak

2026ko urtarrilaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken urteotan gure herrira etorritako migratzaileak izan ditu hizpide Gabonetako ohiko mezuan Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek. Ez dira ohikoak izan aurreko lehendakarien mezuetan espresuki migratzaileei egindako eskaerak. Lehendakarien mintzaldi horiek ez dira audientzia bereziki handiko saioak, interes gutxi pizten baitute ikusleen artean. Gutxi badira ikusten duten bertakoak, atera kontu zenbat ikusiko duten migratzaile berriek. 

Gure herrian hanka bat barik biak jartzeko eskatu die Pradalesek etorri berriak diren migratzaileei, ezer gehiago zehaztu gabe. Zer esan nahi izan du hanken irudi horrekin Eusko Jaurlaritzako buruak? Hanka bat, jarrita daukatena, eskubideei dagokiela; eta bestea, horren jarrita ez daukatena, betebeharrei? Eskubideez —osasun publikoa, hezkuntza, laguntza sozialak, garraioa…— profitatzen direla, baina betebeharretan ez direla inplikatzen. Zer betebeharretan ez? Eztabaidagarria da, zehatzago izan gabe, horrelako eskaerak egitea; batzuei hanka jartzeko eskatzearekin batera, hanka sartzeko arriskua hartzen duelako eskaera egiten duenak.
Adibide bat. Migratzaile horien seme-alabak hezkuntza sisteman integratuta daudenez, gurasoek ulertzen ez duten hizkuntza batean —euskaraz— jasotzen dituzte eskolak, eta, horren ondorioz, ezin diete eskolako lanak egiten lagundu hizkuntza erabat menderatzen ez duten seme-alabei. Eta isil-isilik, protestarik egin gabe eta aurkako jarrera antolatua erakutsi gabe onartzen dute guraso migratzaile berriek egoera hori. Ez al da betebehar eredugarria, milaka eta milaka guraso migratzaile berriek egoera hori onartzea?

Zer betebehar erakusten dute Pradalesekin asteartero gobernu batzordean esertzen diren sailburu erdaldunek? Migratzaile etorri berri askok euskara ikasi dute, edo ikasten ari dira.

Euskara ikasteko ahalegina egin ez duten sailburu horiek ez al dute merezi Pradalesen errieta Gabonetako mintzaldian?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.