Irakurri dut Anna Quindlen-ek idatzi zuela Londresen egon baino lehen hamaika aldiz egona zela Londresen, Dickens, Conan Doyle eta abarren liburuen bidez. Nik bisitatu nahi nukeen mundua ez da kalez eta zubiz egina, deboilatutako jauregiz baizik, eta haietan dautzan buztinezko tableta erreez.
Mundu horretara jende gutxi heldu da. Ez dago hor, ez gertakari miragarririk, ez heroien adorezko egitaterik, duela 3.500-4.000 bat urteko burokraziaren hondarrak baizik: zenbat zaldi eta behor, zenbat behi eta zezen, zenbat ardi, zenbat ahuntz eta txerri.
Alta, bi hizkuntza gorde dituzte erregistro horiek, silabaka antolatutako bi zeinu-sistema nahiko antzekoetan. Zaharrenari «A lineala» deritza, hizkuntza ezezagun baten lekukoa. «B lineala», aldiz, greziera arkaikoa da, greziar alfabetoa asmatu baino lau mende lehenago jasoa. Dakienarentzat nabaria da pa-te gr. pater ‘aita’ dela, edo pe-ma gr. sperma ‘hazia’. Idazkera hura grezierarako eskasa bazen ere, aski eta sobera zen, nonbait, nahi ziren helburuetarako.
Zer da heroia, zer adorea, zer miragarria? Adituek lehenik iragarri zuten i-qo gr. hipos ‘zaldia’-ren aurreko forma islatzen duela (cf. hipodromo). Halako batean, KN Ca 895 tabletaren beste puska bat aurkitu, eta bere lekuan ipinitakoan egiaztatu zuten zaldia adierazten duen EQU ideogramaren parean i-qo ‘zaldia’ gelditzen zela. Horra hor i-qo-ren interpretazioaren ezusteko berrespena.
A lineala, ordea, irakurri irakurtzen da, baina ez da ulertzen, iberiera bezalaxe. Ikurren banaketa analizaturik ri-ru-ma / ri-ru-ma-ti bezalako pareetatik -ti atzizkia atera daiteke, adibidez. Gutxi, halere, hizkuntzaren nolakoaz jabetzeko.
A linealak 1.534 dokumentu ditu, B linealak 6.000 bat eta iberierak 2.300 bat. Zer da «dokumentu», baina? Zenbakiak emateko halako «alergia» bat sumatzen badut ere, iberieraz testu-testuak gutxi dira, pertsona-izen hutsen (NP), txanponetako leku-izenen eta ardatz-pisuetako ikur bakarren aldean.
Gaurko euskal NP-ekin gaurko euskara nolakoa den aterako genuke? Ez, anderea. Eta gaurko Euskal Herriko ikastetxe batzuetako gela banako ikasleen izen-zerrenda banarekin? Bada, horixe da, gaingiroki, baskoiberismoaren oinarria, tamalez.