Hedoi Etxarte

Sei minutu baino ez dira

2026ko irailaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gogoan dut, gaztarotik gure aitaren laguna zen eta handik urte askotara Iruñeko Udalerako PSNren hautagai independentea izango zen arkitektoak nola bidali zuen duela hogeita bost bat urte zutabe bat egunkarira. Testu hartan, orduan alabak haur zituen Javier Torrensek grosso modo esaten zuen, gehitzen bazenituen astegun bateko eskola orduak, eskolaz kanpoko jardueren orduak, hortzak gutxienez garbitu beharreko minutuak, dutxatzekoak, etxerako lanenak, kirolarenak... aditu guztiei jaramon eginez gero, egunak zeuzkanak baino bost ala sei ordu gehiago behar zituela. Gure amak asko famatuko zuen zutabe hura, zeren denbora ez dirudien hiru minutuko hil ala biziko ataza guztien batuketa ordu askotako taula bat bilaka daiteke.

Eta antolaketa bikainaren diseinuak gure bizitzak nola setiatzen dituela kontziente naizen arren, uda erdia egon naiz Bruno Humbeeckek Belgikako telebista publikoan esan zituen hitzak hona ekartzeko zain: «Estresaren kontrako efektua oso argia da. Sei minutu irakurtzean %60 jaisten dituzu estresaren markagailu biologikoak. Jendeari galdetuz gero, irakurketa da basoan paseatzearen osteko bigarren ekintza sosegugarriena. Denok dugu irakurketaren oroitzapen gozoa, oro har, baina ez dugu astirik hartzen, oso larri gabiltzalako. Eta gazte irauteko aukera ere ematen digu. Gure burmuinaren zahartzea moteldu nahi badugu... irakurri eta idazten dutenek gainbehera kognitiboa %32 moteltzen dute».

Ulertzen dut, paperezko egunkari batean 2026an halako zerbait argitaratzeak zilegitasuna kentzen diola gogoetari —ardogintzan daudenek, luzaroan, haurdun zirenei ere gomendatzen zieten alkohola—, baina hara erronka: irakurri sei minutu egunero ehun egunez, sakelakoa beste gela batean utzita, eta gero entzun zure bizi-arnasa, ez ote den garai bateko une bat itzuli, abiaduraren menpetik alde eginda.

Seme-alabekin iluntzero sei minutu irakurtzen eta beste hainbeste sei minutu norberarenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA