Baldarrak gara, erabat. Hiztegigintzan ez dugu parerik, baina ez dakigu zertarako ditugun. Hara, erositako prezioan: heldu da azkoitiarra 40 urte eginda Ameriketan, eta Zumarragako geltokira bila joandako aitaren agurra: «Ingelesa ikasiko huen behintzat». Letra guztiak ditugu alferrik. Bertsoen herrian, «iepa» batek berdin balio lezake agurtzeko, zoriontzeko zein doluminak emateko. Jende frankok lagatzen du mundualdia egundo «maite zaitut» edo «barkaidazu» esateke. Baldarrak gara eta harro gaude: «Zertarako esango diot ezer? Berak badaki zer sentitzen dudan».
Barne zimikoak adierazten dituzten berbek historia trinkotua daramate beren baitan. Ariketa gisa, bilketan aritu naiz azken egunetako gertaeren harira. Neuri eragindakoak jaso ditut, inguruan entzundakoak ehizatu. Hala, Sol plazako eta Iruñeko agur naziek beldurra eragin dute. Izua ere bai. PP eta Vox Espainiako gobernura helduko diren uste zabalduak, berriz, kezka, ardura, xinaurriak ezarri dizkidate. CISen inkestak: ilusio errainua. Autonomiak babestuko omen gaituelakoa: pobrearen poza. Hautagaien jukutriek, nazka. Alderdien jokaerek, auzo-lotsa. Ikasleen grinak, bekaitza. Baina oro har, nagia giroak. Eta ororen gainetik, etsipena, ez baitago zer eginik. Egun bakarrean, ingira: osteopata batek hamar emakumeri eraso Tolosan; kartzelara Donostian 13 urteko umeari abusuak egindako gizona; Baionan bere buruaz beste egin du bortxaturiko neska batek. Amorrua.
Eta ezin huts egitekoa: bakardadea. Lagunak diost bakarka ari gatzaizkiola neurria hartzen hondamendiari: lana galduko dut, errenta igoko didate, ez dut pentsiorik izango. Batuko gara, jasoko dugu faxismoa geldiaraziko duen murrua, no pasarán. Apuntatu: indarra, harrotasuna, adorea. Egun bateko lorea. Pasatu ziren, eta noraino. Itogina solairu artean bezala sartua baitugu dagoeneko egunerokoa, ikusten ez dugula ere bide egile.
Susmoa dut arinagoak zirela hiztegiak politika bihotzarekin nahasten genuen garai hartan.