martxelo otamendi

Sindikatuak politikan behar ditugu

2026ko maiatzaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

EAJko lehendakari Xabier Arzalluzek, ELA sindikatuak zerabilen jarrera erreibindikatzaile sendoarekin gogaituta, halako batean, ETBn emandako elkarrizketa batean esan zuen, oso berezkoa zuen tonu gogorrean, hobe zuela ELAk Txinara joatea eta han sindikalismo erreibindikatzailea sustatzea. Urte askotan EAJren magalean jardundako sindikatua urruntzen hasita zegoen sortu zuen inguru politikotik.

Modan dago sektore askotan gaizki esaka aritzea sindikatuak hizpide hartzen dituztenean, eta oso ohikoa da, greba deialdi baten aurrean, erakunde publikoen bozeramaileei hauxe entzutea: «Errespetatu egiten dugu greba eskubidea, baina…».

Sindikatuengatik gaizki esaka aritzen direnei gogoratu behar zaie sindikatuen lidergoarekin urte askotan zehar milaka eta milaka langilek egindako grebei eta borrokei esker duela hamarkada batzuk baino lanordu gutxiago egiten ditugula denok —baita enpresetako goi arduradunek eta administrazioetako oso goi mailako arduradunek ere—, lan baldintza hobeetan egiten dugula lan, eta asko aurreratu dugula lan segurtasunean. Lorpen horiek, kasu gehienetan, langileei eta sindikatuei zor zaizkie, ez enpresa jabeen eskuzabaltasunari. Nor gogoratzen da lan hitzarmena hamar urtez berritu ez duen enpresa bateko langileekin sindikatuak ez badira?

Politikan asko sartzen direla leporatzen diete euskal sindikatuei erakunde publikoetako arduradunek, eta, aspaldiko argudiorik pobreena erabilita, «hauteskundeetara aurkeztea» iradokitzen diete. Eskerrak sartzen diren.

Politikan sartzen diren, eta sartu behar duten, adibide bat: ELA, LAB eta Steilas sindikatuek Euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidearen alde! lelopean manifestaziora deitu dute maiatzaren 9rako Bilbon, lan deialdi publikoetan euskararen normalizazioaren aurka alderdi eta sindikatu batzuek daramaten jokabidea salatzeko asmoarekin.

Maiatzaren 1 ederra denontzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA