nerea loiola pikaza

Sinkronizazioa

2024ko otsailaren 15a
05:00
Entzun

Bi pendulu-erloju elkarren aldamenean jarriz gero, euren kulunka bateratzen joango dira apurka-apurka. Energia gutxiago eskatzen du beste batekin lankidetzan mugitzeak haren aurka baino; fase-sinkronizazioa deritzo fenomeno horri. Ursula K. Le Guinen The wave in the mind liburuan irakurri dut izaki bizidun guztiak garela osziladoreak. Bibratu egiten dugu, taupada gara, erritmikoki mugitzen gara eta erritmikoki aldatzen.

William Condon ikertzaileak, hainbat hizlari filmatuta, frogatu zuen gorputz osoaren mugimendu ñimiñoen laguntzaz mintzo garela, gorputz mugimenduak hizketaren erritmoarekin koordinatzen ditugula. Erritmorik gabe hizketa ulertezina litzateke. Esperimentua osatzeko, Condonek hizlari horien entzuleak ere filmatu zituen: hizlariaren ezpainetako eta aurpegiko mikromugimendu ia berberak egiten zituzten, ia aldi berean. Euren faseak sinkronizatzen zituzten igorle eta hartzaileek. Komunikazioa dantza baten modukoa da, funtzionatu dezan, denek hartu behar dute parte hainbat mugimendu konplexu eta konpartituetan. Entzutea ez da soilik erreakzionatzea, entzutea bestearekin konexio bat ezartzea da, akzioaren parte izatera igarotzea.

Gaur egun, komunikatu gaitezke hizlaria ikusi gabe, komunikatu gaitezke pentsaezinak zitzaizkigun modu eta aparatuen bitartez. Modu horietako bakoitzak sortu ditzake pertsonen arteko loturak eta sortu ditzake komunitate birtualak. Baina, tarteka balio dezakeen arren, ez da gauza bera. Hitz egitean beste gorputz baten hemen eta oraina konpartitzen ez badugu, ezin dugu bibratu, ezin gara sinkronizatu; gabezia itzela da. Modernitateak itsututa ere, hori ez ahaztea dugu erronka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.