Maider Galardi

Sukaldea

2026ko otsailaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nire ahizpari behin baino gehiagotan entzun diot kozinatzea janaria prestatzea baino zerbait gehiago dela, eta gastronomia deitzen zaion hori elikaduratik harago doala. Egia esan, sukaldean denbora asko pasatzea gustatzen ez zaion honek irakaspen horri baino arreta handiagoa eskaini dio ahizpak platerera ekarri duenari, baina igandean gurasoenera bazkaltzera joan eta Argia mahai gainean ikusi eta Danele Sarriugartek egin dion elkarrizketaren titularrean «gastronomia ez da neutroa, eta horren kontzientzia izan behar dugu» irakurrita, burua altxatu eta berari arrazoia ematea besterik ez zait geratu. Ahizpa bezala, eta soziologo gisa.

Kazetari moduan ere eskatuko nioke adierazpenen bat titular hori astelehenean leitu izan banu. Ez Donostiako, eta bereziki Parte Zaharreko, ostalaritza eskaintzari ematen dion errepasoagatik; bai, ordea, auzo horretako Aizepe elkartean izandako beste gertakari batengatik. Gastronomia ez baita neutroa, eta horrek beste era batera esan nahi du heteropatriarkatuaren eta kolonialismoaren logikak ere erreproduzitzen direla su txikian. Gogoratzen dut Donostiako gure institutuko irakasle batek nola esaten zuen maiz: «Gure elkarteko sukaldean sartzen den emakume bakarra garbitzailea da». Ez zuen probokazioagatik —bakarrik— esaten, benetan pentsatzen zuen, eta harago: hori horrela pentsatzea bere eskubidea zela uste zuen, bere hautua. Elkarteko kideen erabakia, hobeto esanda, pribatua, eta, beraz, kuestionaezina. Baina aizue, etxe barruetan oraindik emakumeak sukaldearen esklabo diren artean telebista saioetan andrerik ikusten ez badugu, eta elkarte gastronomiko batzuetan oraindik ere emakumeek eltze eta sozio artean lekurik ez badute… lizun usaina darie zoko-bazter horiei. Kirats bat plaza publikora ailegatzen dena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA