martxelo otamendi

Susto hirukoitza Londresi

2026ko irailaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Su baxuan eduki zuten egosten azken hilabeteotan —filtraziorako aukerarik eman gabe— Eskoziako, Galesko eta Ipar Irlandako lehen ministroek aurreko astelehenean Cardiffen (Gales) aurkeztu zuten ekimen bateratua: Londresi era ofizial, publiko eta solemne batean adieraztea hiru herrialdeek autodeterminaziorako eskubidea eta Erresuma Batua uzteko eskubidea daukatela.

Aho bete hotz utzi gintuzten denok, inor gutxik espero zezakeelako horrelakorik, hiruretako batean ere ez dagoelako abiatuta independentzia prozesu sendorik. Nahia bai, askotan modu batera edo bestera adierazita, baina azken urteotan ez era indartsu batean. Horregatik da handiagoa harridura, ez Londresen bakarrik, baita ere Bruselan eta Washingtonen. Harrotuta datoz ustez bare zeuden urak.

Eskoziarrak SNPko —Eskoziako Alderdi Nazionaleko— barne arazoak konpontzen igaro dituzte azken urteak, independentziaren eskaera, albo batera utzi gabe, hoztuta. Irlandan sendo dago Sinn Fein, emaitza onak lortuta iparrean eta hegoan. Eta Ostiral Santuko Bake Akordioak erreferendum baten bidez bermatu egiten die iparraldetarrei hegoaldearekin batzeko eskubidea. Galesen, abertzaletasunak beste bi herrialdeetan baino ahulago egonda ere, gero eta indar handiagoa du eta lehendakaritza lortu du azken hauteskundeotan.

Zer dela eta orain eskaera bateratu hori Londresi? Eskoziako eta Ipar Irlandako abertzaleek Galesekoak boterera iritsi zain egon dira, eskatzaileak bi izan barik hiru historikoak izanda indar handiagoa edukiko dutelako.

Ikuskizun dago Cardiffeko ekimenak edukiko duen ibilbidea; Londresek, Eskozian 2014an egindako erreferendumean hartutako sustoa oraindik pasatu ez zaielako, ez du inolaz ere amore emango, Downing Streeteko 10.ean edozein maizter dagoela ere.

Eta gurean antzeko zer edo zer? Gogoa eduki behar lehendabizi, eta edukita ere, Galizian PPkoak oso sendo, eta Katalunian, oraingoz, PSCkoak. Zaila, zaila dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA