Peter Hegseth-ek iragarri du, Ameriketako Estatu Batuetako Defentsa idazkariak: zorrotz neurtuko dituzte hemendik atzera testosterona neurriak 30 urtetik gorako soldaduetan, jakina baita hori ere galduz doala adinarekin. Mailatik behera dutenak programa batean sartuko dituzte, hormona terapia jaso dezaten.
Neurria erabat txertatzen da Trump presidentearen kosmobisioan. «Planetako gerlaririk onenak ditugu», adierazi du Hegsethek, «eta neurri honekin kontua ez da hobekuntza artifizialak bultzatzea, ezpada berezko ahalmenak sendotuta, gure soldaduak bizi luzeagoa izatea eta borrokan maila gorenean aritzeko gaitasuna lortzea».
Motzean esanda, gizon hormonatuagoak supersoldadu izan daitezen, borroka guztiak irabazteko eta, perfekzio biologiko betean, justizia banatzen segitzeko munduan barrena. Ez baita osasun kontua Hegsethen egitasmoa. Agerpenean ez da hitzik esan armadan diren emakumeez eta orain sarrera debekaturik duten trans-ez. MAGA mugimenduaren gurutzadan, muin-muinean dago testosterona, «gizona gizon izan dadin».
Lehenaz gain estereotipoak sendotzen lagunduko duten neurriek ez ligukete, baina, auzia desbideratu beharko. Izan ere, jarreraz ari garelarik egunero, sexuaz eta determinismoaz, heziketaz eta generoaz, ez genuke ahaztu beharko Trumpi emandako belarrondoko erraza baino beharrezkoagoa dugula testosterona soziala izatea kontrolpean.
Eta halaxe, eguneroko gimnasioan apuntatu nork bere koadernotxoan zer hormona hartu dugun edo non eman diguten, nork eskainia. Hegsethen amets hezean legez, geuk ere ongi neurtua izateko testosterona maila, goragi dugularik jakin dezagun zer ondorio duen horrek inguruan, geure generokoak ez diren gizakien artean bereziki.
Ez, noski, planetako soldadurik bikainenak izateko, baizik eta ahulenak eta zaurgarrienak. Gizateriaren eta, beraz, norberaren hobe beharrez.