Halako batean Clément Vuillier-en marrazkiekin apaindutako Élisée Reclus geografo anarkistaren Mendi baten istorioa iritsi zen Kale Nagusiko liburu dendara. Bérengère Cournuten hitzaurreari jaramonik egin gabe hasi nintzen: «Goibel nengoen, abailduta, bizitzarengatik nekatuta. Patua gogorra izan zen nirekin, maite nituenak indarrez kendu zizkidan, nire proiektuek porrot egin zuten, nire esperantzak ezerezean utzi zituen. Laguntzat neuzkanak nire kontra jarri ziren desgraziak asaltoz hartu ninduenean; gizateria bera, interes gatazkengatik eta pasio gehiegizkoengatik beldurgarria iruditzen zitzaidan. Ihes egin nahi nuen kosta ahala kosta, hiltzeko ala berreskuratzeko, bakardadean, nire izpirituaren indarra eta lasaitasuna».
Segidan piztu zitzaizkidan oihartzunak: Nietzsche, Aresti, Fenoglioren maldak eta Erri De Lucarenak, baina, bereziki, Edith Durham, mendiaren zaletasuna eta inork aldeko apustua egiten ez zuen Albaniaren aldeko kausa bere bizitza bilakatu zuen antropologo hura. Bi kapitulu irakurri nituen, mendian ibiltzearen gogoeten ostean Cournuten sarrerara jo nuen, eta ulertu Parisko komunaren defendatzaile Reclusen lanen artean Mendi baten istorioak zer toki zuen. 1880an argitaratu zuen, Erreka baten istorioa baino 11 urte beranduago. Tartean jazo zen Komunaren porrota, Reclus bera atxilotu zuten iraultzaren kontrakoek eta kartzelan egon zen. Eta sarraski horren hamarkada luzean, zeharo maiteminduta egon zen bi emakumerekin. Baina Clarisse eta Fanny biak hil ziren, bost urteko aldearekin, erditu zirenean.
Eta idazleaz eta idazlearen parean zeuden arrokez, xendez eta basoez irakurtzen ari nintzela jabetu nintzen, ezer ez zela udazkenean Petretxemaren gailurretik ikusten zen hutsunea, erraldoia zirudien tarte hori, Alanoen gailurrei begira, ez zela ezer, solasaldi bat partekatu nahi duzuna galdu duzunean geratzen den zuloarekin. Gailurren artean dauden pausoak ibil daitezke.
Horregatik miretsi ditut beti mendizaleak, tontor bat bailaratik ikusten dudanero izaten naiz kontziente: gailurretik soilik neur daiteke maite ditugunak ez izatearen tamaina.