Bizkar bat ubelduz betea. Aurpegi bat osoki puztua. Mezu bat alderantziz idatzita. Beldur bat belaunaldi artekoa. Isiltasun bat hamarkadetan gordea. Bainera bat iruditeria kolektiboak gainezkatua. Poltsa bat mila bider erreproduzitua. Garrasi bat hamaikatan ez entzuna. Lezio bat kantu moduan iraun besterik ez zegoela esaten duena. Kantu hori feminismotik berrasmatua. Salaketa bat, salaketa bi, salaketa hiru, sei mila lekukotza urteetan ezikusiak. Inkomunikazio aldi bat kanpokoentzat urduritasunez betea. Inkomunikazio aldi bat beste nonbait dagoenarentzat estuasunez betea gaur goizaldeko libradaz jabetu denean. Inkomunikazio aldi bat barrukoarentzat terriblea atea noiz irekiko duten pentsatzean. Ohartarazpen bat Maddi Altunak esana: «Pertsona bat torturatzeko, aurrena ‘torturagarri’ egin behar da. Tortura ez da komisarian hasten, baizik eta jende multzo bat deshumanizatzen». Analisi bat Olatz Dañobeitiak ekarria: «Sorginak deitu zituzten, putak gero eta terroristak ere eraiki gintuzten». Eta hausnarketa bat gehiago: ez zen atxiloketarekin hasi eta espetxean sartzearekin amaitzen. Haustura bat. Erredura bat. Saihets bat, bitan, hirutan pitzatuta. Orbain bat, zenbatezin orbain larruazaletik kanpora eta barrura. Dardara bat. Bortxaketa bat. Bortxaketa mehatxu bat. Ukitu bat. Ez gogoratu nahi bat. Ezin ahaztu bat. Bere horretan sexu indarkeria oinarri duen jarduera sistematiko bat. Miren Artetxe bertsolariak joan den Xilabaren finalean bota zuen bertso bat. Pixa usain bero bat galtzetatik behera. Zalantza bat. Afirmazio bat. Ikara bat eta kontrajarritako eta espero eta transmititu gabeko emozio uholde bat. Ez aitortze bat edo hamaika ez aitortze: instituzioena, estatuena, epaileena, herritar zenbaitena. Mugimendu batzuena. Mugimendu feministari interpelazio bat. Ekite bat, berandu agian, baina badatorrena. Urteetako jardunaren ostean, dozenaka pertsonak aktibatu duten errekonozimendurako koreografia bat. Ekitaldi bat, topaketa bat, besarkada bat, dantza bat. Komunitate bat sinisten zaituztegu esaten duena.
Tortura
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu