Blanca Urgell

Gehiegi

2026ko uztailaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sare sozialak gai bakarreko daude oraindik ere. Futbola, futbola, futbola. Gaur erabat gainditu zaio nire TLko bigarren gaiari, Nolanen Odisea-ri, finalaren kariaz hamaika adar sortu baitzaizkio lehengoez gainetik. Gaitzerdi, badirudi Munduko Txapelketa deltara iritsia dela, itsasotik hurbil, zeina heriotza baita.

Begi-estalkiak ipinita ere, ezin saihestu futbolak askorengan eragiten dituen sentimendu bortitzak, sarritan hitz bortitzetan islatuak. Odisea-k ere kontrakarra izan du, politizatua hori ere inoiz, baina gehienbat, nire talaiatik bederen, adituen aditutasun eta keriak, klasikozaleen fetitxismoa eta zinemazaleen xehetasunak baizik ez dira, eztitan naukatenak.

Futbola baino lehen baziren gudazelaiak. Gizakia gizaki, saskipetik ere. Stravinskiren Udaberriaren sagaratzea goxoaren estreinaldian (Paris, 1913-05-29) hasierako barre-isekak iskanbila izugarri bilakatu omen ziren, hain non balletak ez baitzuen orkestra entzuterik.

Mendebaleko munduko playboya, John Millington Synge-ren lana estreinakoz antzeztu zenean (Dublin, 1907-01-26) ikusle asko asaldatu eta haien asaldura kaleetara ere heldu omen zen, Irlandaren aurkako iraintzat hartu baitzuten nekazari txiroak gordinki irudikatzea, besteak beste. Garoa latz eta zakarrago bat, agidanez.

La Muette de Portici Auber-en operak XVII. mendean Espainiaren aurka matxinatu zen Napoliko herriaren erretratua eginez aberria eta askatasuna hain ondo goraldu zituen, edo hain une egokian entzuna izan zen, non Bruselan, Herbehereetako erregearen omenez antolatutako emanaldian (1830-08-25) hain xuxen, matxinada piztu eta hilabete pasatxoan Belgika independentea sortu zen.

Bonham zenaren bateriaren hotsak belarrietan, gogora dezakegu Milango Vigorelli belodromoan (1971) Led Zeppelinek negar-gasen erdian jo behar izan zuela (1971). Sei abesti, eta ez omen zuten berriz Italiara itzultzeko gogorik izan. Troppo per loro.

Biolentzia sinbolikoa oso kontu serioa da, eta euskal herritarrok masterra egina dugu horretan. Troppo per tutti. Hitzak hitz badira ere, beti dago harago eramaten dituena. Ez gara «espainolistak», ez gara «filoetarrak». Euskaldunak gara, behelaino artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA