Ezagun du Trumpek bestea barregarri uzteko duen obsesioa. Asteon, besteak beste, Maduroren bahiketaren kontra manifestazioetan atera direnen kontra ekin dio: «Desastre hutsa da jende hau. Nondik atera dute? Inoiz ikusi dudan jenderik itsusiena da. Kapela zarpail horiek… Esan liteke denak ordainduta daudela. Kazetariek galdetu eta zertaz ari diren ere ez dakite».
Gogoan izango duzue haitiarrez botatako astapaolak hauteskunde kanpainan. Ohioko Springfielden galdutako katu baten harira, eskuin-muturreko talde batek ezarri amuari heldu zioten berak eta bere bigarren JD Vance-k: haitiar immigranteak andre-gizon zuri agurgarriaren maskotak jaten ari ziren.
Somaliarren txanda heldu zen gero. Begitan zuen Minnesota, begitan Minnesotako somaliarrak eta begitan Minnesotako somaliar jatorriko Ilhan Omar diputatu andrea: «Somalia hutsaren hurrengoa da, kiratsa dario eta ez ditugu hemen nahi. Zaborra jasotzen segitzen dugu. Omar zaborra da, eta zaborra dira haren lagunak. Doazela etorri diren tokira».
Eskola zahar batetik edaten du, eta halaxe ematen. Zer gehiago behar du? Mendez mendez osatutako begiradatik ari da, klasista da, xenofoboa, baina kultura hegemoniko baten bermea du. 1925ean plazaratu zuen atalka Baionako Gure Herria aldizkariak Jean Elizalde Zerbitzari-k Mexikora eginiko bidaiaren kronika: «Hura begitartea! Nihun ez dute segurki lehen garhait saririk irabaziko beren edertasunarentzat!. Ez da indianoak baino mozkor handiagorik. Ez, indianoeri batere ez diotet nahi. Egia da ez nukeela lehen kausituari ezpainetan musurik emanen, bainan hauk hemen eman ditut, xoilki eta xoilki, egia direlakotz».
Orduko euskaldunen irriek Zerbitzari nola, hala babesten dute orain Trump haren jan-txakurren algarek. Eta barre guk ere haren lepotik, jakinki barrez ari gatzaizkion artean salbu samar garela. Jakinki gizon laranja dugularik ostiagai ez dugula geure baitan begiratu beharrik ea baden haren arrastorik menostuak ditugunez darabilgun barne-hizkeran.