martxelo otamendi

Trump, itsasargia itzaltzeko bidean?

2026ko azaroaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ezbairik gabeko garaipena lortu zuten AEBetako demokratek asteartean egindako hauteskunde legegileetan. Donald Trump presidenteak berak —askok iragarri zuten jokabidearen aurka— onartu egin du demokratek aise irabazi dietela Trumpen babesa zeukaten hautagai errepublikanoei. Nahikoa izan du salatzea errepublikanoen maila eskasa eta beti lagun eduki duen Fox telebista kateak «demokratei lekua eman izana».

Bi ganberetan irabazita, botere handia lortu dute demokratek. Ez da ohikoa presidentearen alderdiak bi ganberak galtzea agintaldi erdiko hauteskundeetan. Azken 76 urteotan, hiru aldiz bakarrik jazo da: Dwight D. Eisenhowerrek 1954an, Bill Clintonek 1994an eta George W. Bushek 2006an. 

Zer egingo du hurrengo bi urteetan Trumpek? Kontuan izanda AEBetako Konstituzioak 1951tik galarazi egiten duela presidente batek bi agintaldi —zortzi urte— baino gehiago egitea karguan, ezinezkoa izango du presidente izatea 2029ko urtarriletik aurrera, nahiz askotan esan duen hirugarren aldiz aurkezteko asmoa duela. Ordezkarien Ganberan eta Senatuan gehiengoa edukiko zuelakoan esaten zuen hori, baina ezaguna da oso konplexua dela AEBetako Konstituzioa aldatzeko prozedura, are konplexuagoa bi ganberetan gutxiengoan geratuta. Hala ere, Trump 2028 dioten elastiko asko ikusi dira Trumpen mitinetan.

Begi bistakoa da Trump izan dela AEBetan, Europan eta Hego Amerikan azken urteotan hedatu den eskuin muturreko olatuaren eragile nagusia. Segituko du olatu horrek indar bera izaten Trump Etxe Zuritik kanpo baldin badago?

Garaipenarekin, aro berri bezain itxaropentsu bati hasiera emateko atea zabaldu zaie demokratei, gauza publikoa modu justuago eta orekatuago batez kudeatzeko; haien herrialdean eta nazioarteko politikan. Hautetsi berri batzuen profila ikusita —noiz ikusi ditugu ezkerreko musulmanak AEBetako politikan—, alderdiaren galtzerdiari buelta sendoa emateko aukera daukate.

Argi, hautetsi demokrata guztiak ez dira oso aurrerazaleak. Iowako gobernadore berria —Rob Sand— ezaguna da arku bidezko ehiza maite duelako. 

Urgentziazkoa da demokratek azkar adieraztea nor izango duten hautagaia 2028ko presidentetzarako hauteskundeetan.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA