Hur Gorostiaga.
Larrepetit

Tturttur...

2013ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Lurraren hotza eta gogorra, gauean edozein unetan kolpeka kanporatua izateko kezka. Begirada sarkorra duten Fran├žois eta Fran├žois-ren irudiak paretetan. Mitterrand eta Hollande, batak zein besteak hainbat ele eder hitzemanak Euskal Herriari eta azkenean ttutt. Alderdi sozialistaren Baionako egoitzan gaueko minuta eta orenak luze, mila galdera buruan dantzan.

Goizean goiz, seietan, okupatzaileen erdiek lanera joan behar, eta haien lekuan beste hainbat bisaia berri.

Giro polita. Baigorritik Donamartirira eta Hendaiatik Miarritzera, ikastoletako guraso, langile irakasle, irakasle ohi, ikasle ohi, tturttur pasatu dira, bakoitzak bere animoak, janari goxoak edo sostengua agertzera.

Solasaldiak, irriak. Denbora pasa irakasle batzuk PSko lokala zikina garbitzen ari dira. Bazuen beharra! Kanpotik ez ziren gehiago ageri afixak. Aitzineko berina handia garbitu, eta afixetan marrazketa batzuk eginez, lokala dotore-dotore gelditu da.

Alderdi sozialistako hautetsiek, hastapeneko erreakzio ezkor eta mehatxatzailearen ondotik, jarrera aldatu dute. Arazoa ez dugu tokiko hautetsiekin, Parisen gobernatzen gaituztenekin baizik. Arazoa da tokiko hautetsi eta Pariseko agintarien artean lotura egin behar duten parlamentariek, orain arte bederen, ez dutela zubi lanik egin, erranak erran. Nola konpreni daiteke Angeluko auzapez sozialistak ikastola berri bat eskaintzea, Akitaniako sozialistek lizeo berri bat egiteko laguntza gotorra ematea, eta, une berean, gobernu sozialistak izendatu suprefeta berriak Hendaiako ikastola debekatzea eta beste guztiak mehatxatzea? Arazoa elkarrekin konponduko dugu, eta denak irabazle aterako gara, edo makila atera, eta denak izanen gara galtzaile.

Lerro hauek idazteko tenorean, beste gau bati buruz goaz. Bihar beste egun bat izanen da. Ongi lo egin...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.