Agur esan dizugu, Txistu, eta agur esan dizugun egun berean atera dira erraldoiak, kilikiak eta zaldikoak zure hiri maiteko kaleetara. Baina jendea ez doa zuriz eta gorriz, eguzkia erdi ezkutuan dabil, freskatu du, eta denak dirudi tristeago.
Errazegia litzateke esatea amore eman duzula. Injustua litzateke, hitz gutxitan ezkutatuko baikenuke urteetan egin duzun ahalegin ikaragarria. Latza behar du gero infernurako ateak behin eta berriz irekitzen aritzeak. Eta egin zenuen, aurrez aurre begiratu zenion ilunari, eta ziega haietan eragin zizuten zauria hartu zenuen bizkar gainean, aurrera egin nahi zenuelako, pauso bat orain, beste bat gero. Saiatu zinen, posible zenuen modu guztietan saiatu zinen. Eta azken saiakeran lortu duzu bakea.
Eta dena, a ze paradoxa, bizitza estimatzen zenuelako. Ez da mundu justuago baten alde engaiatzen bizitza maite ez duenik. Hori da agian onartu ez zizutena, mundua aldatu nahi izate hori. Erraietatik ezabatu nahi izan zizuten barruko amets oro. Mina haragi bizitan utzi zintuzten, burua burrunbatsu, eta hala ere segitu zenuen bizitza maitatzen. Horregatik egin duzu alde, txistulari. Bizitza hau ez zelako zuk maite zenuena. Gehiegi estimatzen zenuelako bizitza, halako zerbaitekin konformatzeko.
Harro egongo zinateke hemen utzi duzunaz. Nola ibili diren zu bukaeraraino zaindu zintuztenak orain ingurukoak zaintzen. Zenbat aspaldiko lagun elkartu gaituzun, zugatik negar egin eta, aldi berean, gezurra dirudi, zurekin barrez jarraitzeko. Ziur zu ere hala zabiltzala, hor nonbait, irribarre gaizto hori ahoan, zigarro bat hatz artean, kalada eta kalada artean barrea eta eztula nahasiz, norbaitek, hemen azpitik, «gora bizitza!» oihukatzen duenean, zu, zure ahots horrekin, barruraino iltzatua daramagun ahots horrekin, ozen erantzuteko: «Gora!»