Ados nago, Maialen. Kotilleoak eta lagunen arteko eta aldizkarietako prentsa arrosak fama txarra dute, eta demostratuta dago horrek sekulako lotura duela ikuspegi klasista eta sexista batekin. Nork erosten du Lecturas? Zertan ariko dira patioko atsuak? Badira, ordea, beste txutxu-mutxu batzuk egia absolutuaren kategoria lortzen dutenak segundo batean. Nahiz zurrumurru izan eta berdin klasista eta arrazista, suziriaren abiadan hedatzen dira sare sozialetan, eta hara, horiei ez diegu egiazkotasunik eta seriotasunik kentzen. Pentsa, hain benetakotzat hartzen dira esamesa batzuk, ezen 60 bat pertsonak beren burua zilegitzen baitute magrebtarren aurkako ehiza indiskriminatua abiatzeko. Festa giroan, kaleak jendez beteta, horrek dakarren arriskuarekin. Halako pisua dute aurreiritzietan oinarritutako zurrumurruek, ezen normaltzat baitaukagu gazte batek lokal batean bere burua gorde beharra jipoituko duten beldur. Hain erraz zabaltzen dira egia kategoria duten gezurrak, ezen oraindik jendea kezkatuta baitago existitu ez ziren lapurreta eta bortxaketengatik, ospitalean larri dagoena landa gunean zakarraren moduan bota zuten gazte migrante bat den bitartean.
Txutxu-mutxuen kontra esan dut, baina argiago esan dezaket: gezur eta sinesmen arrazista eta klasisten aurka egon behar genuke adi, eta ez agianegiada edoerdiegia edozerbaitegingozuten zediotediotelaizanzela… eternal batean mesfidati. Indarkeria arrazistak ez du justifikaziorik, eta hori da egon beharko litzatekeen albiste bakarra. Hernaniko herriak ozen erantzun du herriko plazan, baina oraindik entzun daiteke Euskal Herriko kale bazterretan zarata faxista segurtasunaren diskurtsoaren mozorropean. Sare sozialetan segitzen du buloak eta ehiza hedatu da arrazakeriaren aurka argiki posizionatu diren horien kontra. Eta zer esango dizut, Maialen, ziur nago kotilleoa señora zaharren kontu txatxuak direla pentsatzen duten misogino horiek berak direla sarri beren burua egiaren banderaduntzat daukaten zurrumurruzaleak.