Maider Galardi

Ur-puxikak

2026ko ekainaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Imajinatzen ditut haurrak herriko kaleak hartuta, uztaileko edo abuztuko egun batean. Irudikatzen ditut kangrejerak oinetan, bisera buruan, ur baldeak eskutan. Usaindu dezaket beroa lur zorutik gora, larre horien idorra, urarekin jolastuz irristagarria den plastiko beltza eta xaboia. Filtro horiz ikusten dut argazkia, bainujantzi neoiak distiratsuago dira mangeraren uretatik pasatuta. Haurrak, nerabeak, gazteak entzuten ditut irriz eta irrika. Etxe barruan eta kale kantoietan jolasti.

Gazteago eta udaleku batzuetako begirale nintzela, haur bat etorri zitzaidan ur-puxika erraldoi batekin. Esan zidan «begira Maider» eta lehertu zidan globoa nire oinetan udalekuetako eraikin barruan. «Earra liada», pentsatu nuen, baina barre egin nuen, ez egunotan titular batek burbuila hautsi didanean bezala: ez omen direla Bernedon udalekuak egingo, diote. Egiaz, tranpa egin dute nahastu dutelako kontu bat eta bestea. Gauza bat da prozedura administratibo batean katramilatuta egotea, eta bestea sexu indarkeriaren mamua berriro ere iritzi publikoaren erdigunera ekartzea. Euskal Udalekuek lehenago ere esana dute erasoren baten berri izanez gero, haiek badituztela bi protokolo, eta behar izan denetan indarrean jarri dituztela, eta prest daudela beharrezko argibideak zein kasuak argitzeko erraztasunak emateko. Baina ez dago bide judizialean aurrerapausorik oraingoz, eta aprobetxatu dute kontu administratiboa berriz ere kanpaina egiteko. Zeren eta bai, ez haiek dioten moduan, baina bata eta bestea batera doaz: udalekuen eta bertako kideen aurkako kriminalizazio kanpaina euskarafobo eta transfoboa egiteko.

Aurten izena eman duten 200 haurren, haien familien eta hezkuntza eraldatzailean eta transfeminismoan sinisten dugunon pozerako Euskal Udalekuek esan dute egin egingo direla udalekuak. Burbuilak berriro. Itzuli naiz beroa usaintzera, neoia ikustera, ur freskoa sentitzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE