Ustekabea ematen du Espainiako presidente ohi Jose Luis Rodriguez Zapateroren inputazioak. Berez, Espainian legeari 2025ean egindako aldaketaren arabera, inputatu-ren ordez ikertu hitza erabili beharko litzateke, inputatu hitzak konnotazio negatiboa duelako. Baina ia denek segitzen dute inputatu erabiltzen.
Erabateko ustekabea ez da izan, akusazioa oso larria bada ere. Ez, behintzat, Zapaterorentzat eta Espainiako politikan dabiltzanentzat. Zapatero Espainiako Senatuko ikerketa batzorde batean egon zen martxoan, eta bukatu aurretik PPko senatari batek, mehatxu gisa, honela esan zion: «Kezka zaitez zure etorkizun judizialaz». Argi eta garbi utzi nahi izan zuen senatari hark bazekiela, oso iturri fidagarritik jakin ere, Zapatero ikertzen ari zirela. Esan eta inputazioa iritsi.
Horixe bera gertatu zitzaion PSOEko Antolakuntza Idazkari ohi Santos Cerdani duela hilabete batzuk, oraindik Espainiako Kongresuko diputatua zela. Orduan ere, Cerdan ikertzen ari zirela publikoa ez zenean, PPko diputatu batek esan zion kezkatzeko epaitegietatik zetorkionarekin. Esan eta iritsi.
Batere gorritu gabe erakusten dute PPkoek badakitela Polizia zertan ari den, nahiz polizien ikerketak sekretuak izan.
Zapatero da Espainiako presidente Pedro Sanchezi geratzen zaion prestigiozko azken euskarria, sinesgarritasuna ematen dioten bakarretakoa, 2023ko hauteskunde orokorren kanpainan eduki zuen parte hartze aktiboaren ondorioz Sanchezi dozena erdi eserleku estra lortu zizkiona. Alderdiko militanterik kuttunena.
Epailearen akusazioak —delitu ekonomikoak egin dituen gaizkile talde bateko buru izatea, influentzien trafikoa eta ustelkeria— oso larriak dira, eta, Zapatero presidente ohia ez balitz, kartzelan sartuko luke epaileak deklarazioa hartu eta berehala. Ekainaren 2an deklaratuko du.
Zapatero jota, Sanchezen flotazio lerroan jotzen dute, horrela hauteskundeak ez aurreratzeko daukan erabakian atzera egin eta aurreratuko dituelakoan. Eutsiko dio Sanchezek?