Iñigo Aranbarri.

Zelofana giza safariari

2025eko azaroaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ezin duela egia izan diogu, nola izango den egia europar mendebaldeko jendea Bosniara joatea 90eko hamarkadan giza safarietan parte hartzera; ehun mila euro ordaintzea asteburu batengatik Sarajevoko muino gainetatik tiro egiteko kaletik doazen zibilei. Ehun mila euro buruko, bidaia, eskupekoak eta helikopteroak ordaintzeko. Merkeagoa harrapakina nagusia bada, garestiago haurra. Nola izango da egia.

Aspaldikoa da zarata, bada film bat lehendik, Limonoven bideoa ez da oraingoa; orain harrotu dira hautsak, ordea, Ezio Gavazzeni idazleak pilatutako informazioaren haritik Milaneko epaile batek ikerketa abiatu duenean. Italiarrak erdiak edo, baina ba omen dira alemaniarrak, estatubatuarrak, errusiarrak, frantziarrak, espainiarrak… dena da susmoa. Nolanahi den, psikopata gizarteratuak guztiak, jendartean nor direnak, negozio oparoen jabe, erakusteko moduko familiak, lagun on batzuk eta jan-txakur gehiago dituztenak inguruan.

Eta asaldatu egiten gara, ahaztuta 1958an antolatu genuela azken giza zooa Bruselako Mundu Erakusketan, ahaztuta giza organo-trafikoan Sarajevoko tiratzaileen herrialdeetakoak direla bezero nagusiak. Gure mugikorretan Donbaseko lokatzetan dabiltzan soldaduak (izan ukrainar, izan errusiar) droneek nola ehizatu eta hiltzen dituzten ikuskizun bihurtuta egunero, kontsumitzen dugun pornoan emakume bortxatuek kitzikatzen gaituztela, asaldatu egiten gara duela 30 urteko albistearekin.

Honetara ezkero, ehiztariak nor diren jakitea falta dugu, nork diharduen organoen trafikoan, nor aberasten den besteren sufrimenduaren negozioarekin, horixe falta, nabarmenago ager dakigun nor ari zaion gaiztakeriaren arinkeria honi zelofanezko papera jartzen. Eta orduan, trebeak garenok pobrezia eta delinkuentzia uztartzen, akaso iaioagoak behar genuke bestelako lotura batzuk egiten. Baina nahiago dugulakoan nago, lasaigarriagoa zaigu esatea nola litekeen, hain dira prestuak eta aita familiako onak guztiak.

Esponsorizatzen diguten gizarte-ereduak zerikusirik ez balu bezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.