Ander Perez Argote (2)

Zeri deitu 'etxe'

2026ko azaroaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Greba orokorreko egun bat dago zutabe hau idazten ari zaren momentutik argitaratzen den momentura bitarte. Azaroaren 10a da zuretzat, azaroko astearte goibel bat, baina baliteke ostegun argitsua izatea orain irakurtzen zaituzten askorentzat. Tartean dagoenaren arrakastaren araberakoa izango da hori, politika publikoak baldintzatzeko gaitasunaz harago —hori, etortzekotan, aurrerago etorriko baita—, kalera atera den jendearengan piztutako ilusioaren eta esperantzaren araberakoa. (Bide batez: pendiente dugu, mobilizazioetara hain ohitua den herri honetan, borrokaren eragin emozionala taxuz aztertuko duen ikerlanen bat, jendea militantziara engaiatzen duena, eta zikloak berritu).

Kontuak kontu, imajina dezakezu zutabe hau barruko orrialdeetako paper izkina batean gordeta, eta grebari buruzko hamarnaka albiste, kronika eta analisiz inguratuta. Imajina dezakezu ez datozela bat sindikatuen jarraipen datuak eta administrazioarenak. Imajina dezakezu ñabardura txikiak daudela grebara deitu duten eragileen arteko balorazio eta diskurtsoetan, eta arrakala handiak deitu duten eragileen eta deitu ez dutenen artean. Imajina dezakezu elite bat etxebizitzarako eskubidea bermatu behar dela esaten, baina baita etxejabeen eskubideak ere. Imajina dezakezu diskurtso hori erabat neutralizatzen duen masa sozial bat. 

Imajina ditzakezu gauza asko baina gauza bat ez duzu imajinatu beharrik: gertatu aurretik ere, arrakastatsua da etxebizitza eskubidearen aldeko greba deialdiak, zailtasunak zailtasun, izandako batasun maila. Eta ez da harritzekoa, gauza gutxi baitaude gaur egun etxebizitzarena bezain zentralak. Bat egiten dute auzian bizitzaren garestitzeak eta soldaten galgak, gizarte antolaketak eta norbere bizitza proiektuak. Ez da gutxiagorako: bizitzan gauza gutxi dira etxe zeri deitzen diogun bezain inportanteak. 

Osteguna da, greba orokorraren biharamuna, eta etxebizitzarena auzi kolektibo bat da orain, askotan, gehiegitan, irtenbide indibidualetarako motibo izan denean. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA