martxelo otamendi

Zertan ari ote da Errusia?

2026ko urriaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Errusia sorburuan, Europaren segurtasunarekin lotura zuzena daukaten albiste kezkagarri asko ari gara jasotzen azkenaldian kontinente zaharrean. Hurbiltasun geografikoagatik, maizago eta era kezkagarriagoan ari dira albiste horiek jasotzen Errusiatik gertu dauden estatuetako herritarrak: errepublika baltikoak, Finlandia, Polonia, Alemania…

Era guztietako erasoak leporatzen dizkiote Europako estatuek Errusiari, bereziki 2022ko otsailean Errusiak Ukraina inbaditu eta Europako estatu gehienak Ukrainaren alde jarri zirenetik. Data horretatik ugaritu egin dira intzidenteak Europan: hainbatetan, droneek estatu horien mugak gainditu dituzte, gerra hegazkin errusiarrak mugakide diren estatuen aire eremuan sartu dira, Leipzigeko aireportuan (Alemania) droneekin leherketak eragin berri dituzte…

Gehiegikeria da Europan izandako era horretako intzidentzia guztiak —handiak eta txikiak— Errusiari leporatzea, baina ez dago duda handirik horietako batzuen atzean Moskuren atzaparrak daudela. 

Zertan ari da, ordea, Errusia? Moskuri ez zaio komeni Europa batu eta indartsua, egonkorra, oinarrizko batasuna dudatan jarriko ez duena. Europan ezegonkortasuna, urduritasuna, tentsioa sortu nahi du Errusiak, oraingoz, intentsitate gutxikoak diren erasoen bidez. Lortu du, gutxienez —balizko eraso batzuen beldur—, inguruko estatuak eta herritarrak urduri eta tentsioan jartzea. Noraino iritsiko da Errusia estrategia horrekin?

Hipotesirik gogorrenean jarrita —gerra ireki bat Europako estatu batzuekin—, zer gaitasun operatibo dauka Errusiako armadak duela lau urte Ukrainan hasitako gerra garaipen militarra bukatzeko gaitasunik eduki ez badu?

Errusiak badaki Europako estatu batzuekin gerra irekia hasten badu Europako zenbait herrik uko egingo diotela parte hartzeari, Ukrainan ikusi dugunez, Europako inongo estaturik ez dagoelako prest bere soldaduak arriskuan jartzeko. Zertan ari da, ordea, Errusia? Larritasun apaleko erasoak egiten ari da, baina gerra irekia ekartzeko asmoz?

Eskerrak auzi honek urruti samar harrapatzen gaituen euskaldunok.

Gaiak
Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA