Oihartzun handia eduki du Hego Amerikan herenegun The New York Times izen handiko egunkariak Venezuelari buruz argitaratu zuen albisteak. Berripaperak zabaldutako informazioaren arabera, AEBetako administrazioak baimena eman dio CIAri Venezuelan ezkutuko operazioak egiteko. Denok ulertzen dugu aurrenekoan zer ezkutatzen den operazio horien atzean, urteak daramatzalako CIA talde terrorista legalak legezkoak ez diren ekintzak egiten.
Begi bistakoa da Donald Trumpen administrazioak oso serio hartu duela Venezuelako presidente Nicolas Maduro agintetik botatzea –nola, ezin jakin oraindik—. Maduro narkotrafikoarekin nahasten hasi zen Washington, ondoren gerra itsasontziak bidali ditu Venezuelaren aurreko itsas eremura, eta itsasontzi horietatik ari da eraso hilgarriak egiten ontzi azkarrei. Venezuelatik AEBetara droga eramatea leporatzen die Trumpek ontzi azkarrei, akusazioari eusten dion inolako frogarik erakutsi gabe. Ekintza horiekin, berriz ere nazioarteko legedia ari dira urratzen AEBak, baina eraso horien benetako helburua ez dira ustezko droga garraiolariak, Madurori abisuak bidaltzea baino.
Bi bide dauzka Washingtonek Maduroren aurka egiteko. Lehena, egingo ez duena, 1983an Grenada uhartean eta 1989an Panaman egin zuen bezala, herrialdea inbaditzea izango litzateke. Bigarrena, Maduro jomugan jarrita, zuzenean haren aurkako erasoa egitea. Lehenak ezinezkoa ematen du, Venezuela oso handia delako, eta arestian aipatutako bi kasuetan baino askoz erresistentzia handiagoa topatuko luketelako. Bigarrenean, eraso selektiboa izango litzateke, CIAren operazio zikin bat.
Madurori eraso zuzena egiteko, inguruko herrialdeen konplizitate politikoa behar du Trumpek, eta hor dauka zailtasunetako bat. Kolonbia eta Brasil, itzal handikoak biak, gogor aterako lirateke operazioaren aurka, Madurok azken hauteskundeetako aktak ez erakusteko erabakiarekin oso kritikoak diren arren.
Ez dauka erraza Trumpek.