Literaturaren historia izen-abizenen segida bat izan ohi da gurean: autoritate kate bat, mugimendu literario-estetikoen ordezkaritzat hartzen diren idazleen bilduma. Literaturaren historiografia egiteko bestelako moldeak izan arren, historiara hurbiltzeko molde horrek hartu du indarra euskal literaturan. Orain arteko hurbilketa historiko gehientsuenetan joera nagusia hori izan denez, ez da harritzekoa, beraz, Euskara eta Literatura ikasgaiko USaP azterketa berritua eredu horretara makurtu izana: idazle zerrenda batean ardazturik doa gaitegia. Berri pozgarria da batxilergoan euskal literaturaren historia ebaluaziogai orokor bihurtu izana. Berri kezkagarria da gaitegiak islaturiko logika hori, autoritate indibidualak hari-muturtzat dituena; euskal literaturaren bestelako ikuspegi historikoak josteko, korapilatzeko eta irakasteko dugun zailtasunaren ikur.Â
Euskal literaturako ekimen eta jardun kolektiboak aztertu izan dituzte hainbat literatura ikertzailek eta historia ikertzailek: besteren artean, Cira Crespo eta Amaia Alvarez Uria ari dira egun Emakume Abertzale Batzaren inguruan ikertzen (are mugimendu hartan arakatzeko sare kolektibo bat eratzen), aldizkari literarioen ekarpenak aztertu dituzte Beñat Sarasolak (1970eko eta 1980ko hamarkadakoak) eta Ibon Egañak (XXI. mende hasierakoak). Eta izan badira beste esparru literario batzuetan historiografia josteko bestelako molde batzuetan arakatu dutenak, autoritate indibidualaz beste eginez: adibidez, Isaac Louridok mugimendu sozialen eta literatur adierazpideen arteko sinergiak aztertu ditu literatura galegoan, Teresa Nava Rodriguezek egiletza kolektiboa aztertu du literatura espainolean, irakurle taldeek egin duten ekarpena aztertu dute sarritan historiografia anglosaxoian.

Euskal literaturako ikerketa eta irakurketa kritiko batzuetan begirada kolektibo hori egon arren, eta historiografia literarioak joskuntza kolektiboan arakatu badu ere, ez da osatu katebegi nagusitzat edota hari-mutur nagusitzat kolektibotasuna duen euskal literaturaren historiografiarik: eskasak dira sormen kolektiboak, lankidetza logikak edota saretze komunitarioak erdigunera ekarri dituzten ikuspegi historiko literarioak. Nolanahi ere, ekimen kolektiboen segida batek ere osatzen du euskal literaturaren bilakaera, hala izan da historikoki, hala da gaur egun ere.
Euskal literaturako ikerketa eta irakurketa kritiko batzuetan begirada kolektibo hori egon arren, eta historiografia literarioak joskuntza kolektiboan arakatu badu ere, ez da osatu katebegi nagusitzat edota hari-mutur nagusitzat kolektibotasuna duen euskal literaturaren historiografiarik
Hemen katebegi kolektibo horietariko gutxi batzuk: Euskaltzaleak elkartea, Emakume Abertzale Batza, Euzko Gogoa aldizkaria, Igela aldizkaria, Pott Banda, Ustela aldizkaria, Oh! Euzkadi aldizkaria, Maiatz aldizkaria, Hitz & Mintz aldizkaria, Susa aldizkaria, Pamiela aldizkaria, Galtzagorri elkartea, Euskal Idazleen Elkartea, Lubaki Banda, Euskal Emakume Idazleen Lantaldea, Bihotz Bakartien Kluba, Hatsaren Poesia, Eako poesia egunak, Volgako Batelariak, Pentsamenduaren Poesia, Sareinak, Metrokoadroka, Elearazi, Itu Banda, Txakurgorria, Ekida, Mejillon Tigre, Iraqueerle taldea, Apoa kolektiboa, Behe Banda… Eta sormenaren (baita literaturaren) izaera kolektibo hori gogoetagai izan dute ekimen ugarik historian zehar. Badira halako ekimenak gaur egun ere. Atzo bertan egin zuten Hil da jenioa. Sorkuntza kolektiboaren inguruko jardunaldia Azpeitiko Dinamoa sormen gunean, artearen eta sormenaren ikuspegi indibidualistak auzitan jartzeko, logika kolektibo artistikoak hauspotzeko.
Tamalez, halako ikuspegiek ez dute jauzi egin euskal literaturaren historiografia kanonikora, eta, ondorioz, ez dute jauzi egin hezkuntza esparrura ere, historiografia kanonikoa izaten baitu hezkuntzak elikagai. Lankidetza ez da izendatze soilez hauspotzen, izan hezkuntza esparruan, izan kultur esparruan; izan ere, kolektiboan aritzeari edota lankidetzari ematen diogun garrantziaz (edo garrantzirik ezaz) mintzo gara iraganari begiratzeko moduetan, ikasgaietan zabaldutako edukietan eta erreferentziak aurkezteko moduetan. Â
Kexu gara gero norberekeriak usaintzen ditugunean. Kexu gara gero lehiakortasun indibiduala bihurtzen denean joko zelai ohiko. Kexu gara gero izarren kulturak guztia blaitzen duenean. Kexu gara gero izen-abizen baten markak egiteko modu literario-politikoek baino zeresan handiagoa hartzen duenean. Kexu gara gero.