Zutabe batetik besterako tartean, hemen landu nahi dudan gaia buruan ibiltzen dut. Forma lausoz lehenik, ideia-zaku zirriborratu gisa gero, eta hitz konkretuetara ekarrita azkenik. Maider Leturiaga marrazkilariari bidaltzen diot testua, eta astebete geroago behin betiko bertsioa BERRIAri gero. PISA txostena eta aspaldiko fantasia magiko bat izan ziren zutabe honen lehengo txinparta, eta gaia buruan forma hartuta baina idatzi gabe zegoela harrapatu ninduen Babacar Wele herrikidearen hilketak. Zutabearen gaia aldatzekotan egon naiz. Izan ere, hau nuen hasierako asmoa: Harry Potterrekin hasi, J. K. Rowlingen (hemendik aurrera: jo-ta-ke-rowling) jarrera transfoboei egur pixka bat eman, eta Ursula K. Le Guinen figura nahiz euskal eskola magiko baten sorrera aldarrikatu nahi nituen. Nire milenial-berantiartasunaz barre pixka bat egin nahi nuen, eta nor bere garaiaren seme-alaba garela esan, eta aldarrikatu inork ez duela aukeratzen zein garaitan izan haur. Kontua da ez dakidala zenbateraino den bateragarria hori Babacarren hilketarekin eta horren ostean beste herrikide batzuei ikusi dizkiedan erreakzio arrazista eta krudelekin. Berridazketa bat duzue zutabe hau, beraz: irakurzaletasunaren eta irudimenaren beherakadaren, eta gorroto ezjakinaren arteko lotura ezartzeko saiakera bat.
Jo-ta-ke-rowling-en jarrera gorrotatzaileen antidoto gisa, Ursula K. Le Guin proposatu nahi nuen, eta haren eskutik itzuli nahi nuen magia eskolen hasierara, hau da, nire irakurzaletasunaren hasierara. Aspaldi ez bezala barneratu naiz A Wizard of Earthsea (Itsaslurreko magoa) eta The Tombs of Atuan (Atuango hilobiak) liburuetan, eta atzera sentitu ditut irudimenetik ateratako eskola- eta mundu-sistema batekiko zirrara eta miresmena.
Itsaslur deituriko lurraldean, magia egin ahal izateko, gauzen benetako izena jakin behar da. Azti eta sorgin izan nahi duen orok, adibidez, «Itsasoaren maisu/maistra izan nahi badu, itsasoan diren tanta guztien benetako izena ezagutu behar du», bai eta lurmutur, hondartza, badia edo arroila ororen izena ere. Le Guinek magia gaitasun konplexu bilakatzen du: hark eraikitako munduan magia ez da trikimailu kontua, eta hizkuntzaren eta munduaren gaineko ezagutza sakonean oinarritzen da. Ez da wingardium leviĂ³sa (ezta leviosĂ¡ ere). Le Guinek eraikitako mundu horretan, haien ekintzek munduaren Oreka mantenduko ote duten aurrez pentsatu behar dute azti-sorginek. «Ezagutzak gidatu behar du ekintza magikoa, eta beharrari erantzun behar dio. Kandela bat piztea itzal bat proiektatzea da…» dio liburuak bere parterik ederrenetako batean.

Zutabe eta zutabe arteko tartean, Le Guinen aitzakiapean berrekin diot aspaldi nuen fantasia bat lantzeari, hain zuzen, askotan egin dudalako amets Euskal Eskola Magikoa sortzearekin (norbaitek proiektu hau finantzatu nahiko balu, jar dadila nirekin harremanetan ;). Zertzelada batzuk baditut jada: Arantzazun egongo litzateke (non bestela), eta ikasleen sarbidea Kristo haserretua litzateke (zeina Kristo haserretuz mozorrotutako antzinako azti bat bailitzateke egiatan). Euskal Herriaren eta euskararen bereizgarrietan oinarritutako gaitasunak barneratuko lituzkete ikasleek, hala nola xiberutar aireak abestuz txori-hegaldian abiatzea Maddi Oihenartekin, zuhaitzen hizkuntza ikastea Jakoba Errekondorekin, erreketako harrietan etorkizuna igartzea Albina eta Divinarekin, hitz-haziak ereiten jardutea Itxaro Bordarekin, espazioan mendien hutsune zehatza marraztuz harria norbere behar zintzoak asetzeko erabiltzea Oteizaren mamu petralarekin, eta abar, eta abar. Eskolaren historiaren parte litzateke Inesa Gaxenekoak, Hondarribitik ihesi, hemen babes hartu eta eskolaren lehen harria jarri zuenekoa. Edo Euskal Herriko azti-sorginek Arantzazuko 1968ko biltzarrean egin zuten presioa euskal alfabetoak magiak ezinbestekoa duen H letra mantendu zezan, hatsaren eta soinuaren mugan baitatza euskal magiak.
Herrikide guztiei esan nahi nieke inork ez duela aukeratzen zein garairen seme-alaba den, ez eta zein garaitan tokatu zaion haur edo migrante edo pobre edo trans izatea, baina tokatu zaigun garaiarekin hartuko dugun bidea aukeratu dezakegula
Era berean, nire imajinazio-ariketa kapritxozkoan, zenbait erronka ere aurreikusi dizkiet euskal eskola nahiz komunitate magikoari: gauzen benetako izena sakon ezagutu gabe trikimailuak egin nahi dituzten azti-sorginak; edo munduko beste toki batzuetatik datozen ikasle nahiz biztanleek berekin dakarten tradizio magikoa ulertu, hartatik edan eta aldi berean hori euskal tradizio magikoan txertatzeko zailtasunak, etab. Ariketa zaila benetan, magiarekin nahiz magiarik gabe.
Ursula K. Le Guin maistra itzela da errealitateari heldu asmoz bere liburuetan zientzia-fikzioaren eta fantasiaren baliabideak erabiltzen. Amaia Apalauzak euskarara ekarritako Oihan hitzean mundua zoragarrian, kolonialismoari buruz mintzo zaigu, eta biolentziak eta hilketak gizarte bat betiko eta modu atzeraezinean eraldatzen dutela dio.
Ez dakit gaur egungo gazteen irakurmen gaitasunak zergatik egin duen behera, eta ez dakit helduena ere zenbatekoa den. Irakurzalea ez denari esan nahiko nioke sekulako plazera dela liburu batean barneratzea, mundu berrietan, poemetan, ulermen literaletik haragoko sentsazioetan. Gauzen benetako izena sakon ezagutzea ez dela magia kontua soilik. Le Guinen magiak baduela errorik gure errealitatean.
Imajinazioa ariketa politikoa da, eta etorkizunean funtsezkoa izango da munduaren behaketa ernea eta behatutakoaren inguruko hausnarketa sakona egotea ekintza irudimentsuen erroan
Eta aldi berean, herrikide guztiei esan nahi nieke inork ez duela aukeratzen zein garairen seme-alaba den, ez eta zein garaitan tokatu zaion haur edo migrante edo pobre edo trans izatea, baina tokatu zaigun garaiarekin hartuko dugun bidea aukeratu dezakegula. Nire herrikide zenbaitek gorrotoaren bidea aukeratu dute: pertsonen eta gertakarien benetako izen eta izana sakon ulertzen saiatzeari uko egiten diote, trikimailu eta diskurtso merkeen alde egiten dute.
Imajinazioa ariketa politikoa da, eta etorkizunean funtsezkoa izango da munduaren behaketa ernea eta behatutakoaren inguruko hausnarketa sakona egotea ekintza irudimentsuen erroan. Ez dugu magiarik behar pertsonen izenei, izanei eta heriotzei gizatasunez begiratzeko. Magiarik gabe ere mundu humanoagoa izan liteke gurea, eta ni ez nau ezerk hurbiltzen mundu horretara irakurketa adiak bezainbeste.