Yasmine Khris.

Amaitu ez denaren nostalgia

2026ko abuztuaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jakinarazpen bat jaso dut: Oporretatik bueltan? Berreskuratu aurtengo udan galdu dituzun albisteak, eta sakelakoari so egin diot: uda bukatu da, ja?! Datak eta etiketak jartzeko dugun irrika kolektibo horretatik kanpo, oroitu naiz uda ≠ oporrak dela eta oraindik ere gozatu dezakedala egun luzeetako plazer, pistatxozko izozki eta goiz freskoez. Eta halere astelehena iritsi da, dakarren guztiarekin.

Txikitan nituen sentsazioetara itzuli nahi dut, uda oso bat betierekoa egiten zitzaidanekoetara. Ekainean irakurritako Elisa Victoriaren Vozdevieja fikzioak aski ongi islatzen du: «Bat-batean udak galdu egin du geratzen zitzaion grazia. Denbora ohi baino luzeagoa egiten da… Denbora asko behar du eguna urtzeko».

Orduan sasoiari atzerabegirakoa egiten diot: zerumuga exotikoak urrun egiten zaizkit, eta burura datozkit ohiz kanpoko errutina sortzen duten une txikiak: familiarekin afari bat, dastatu ditudan fruitu berriak, mendi ibilaldi bat... edo geunden lekutik huts egin genuen eklipsea. Gau hartan, itzalaldia izan zen herrian, eta zeruak, inoiz baino argi eta garbiago, alfonbra izartsu bat oparitu zigun. Bada, denbora luzez egon ginen zeruak miresten. Mektoub da, esanen luke amak, patua, idatzita zegoela. Udatik geratzen zaidan guztia ere gogoan dut, eta datozen urtaroena ere bai. Lasaitzeko, pentsatzen dut geratzen zaidan hau guztia kabitzen dela maktoub-ean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA