Maialen Arteaga.

Amore eman vs egin

2025eko abuztuaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kolonbian nabil egunotan eta urte batzuen ondoren, hemengo lagunekin elkartzeko aukera izan dut berriro. Elkar ezagutu ginen momentutik jakin-min eta ikusmira handia erakutsi zuten Euskal Herriarekiko eta euskararekiko, ustez existitzen ez den zerbait deskubritzen duzunean gertatzen den bezala. Txundituta, koadernotxo batean apuntatzen zituzten orduan euskaraz ikasi zituzten lehen hitzak: kaixo, maite zaitut, eskerrik asko, zorionak, ez, bai, agur, zu, ni, barkatu… eta ikusi gabe egon garen urte hauetan euskaraz iruzkindu dizkidate Instagrameko argazkiak, «neska polita!», «ederra!», «maite zaitut!».

Berriro elkartu garenean orduko ikasketak errepasatu ditugu, eta esamolde berriak ikasteko ahaleginetan aritu dira, maila igo nahian. Hitzen erroak eta esanahiak ulertuz, deskodifikatuz, gordeago gelditzen zaizkie memorian. Honela azaldu diet astelehena-k asteko lehenengo eguna esan nahi duela, asteazkena-k, asteko azken eguna (hala balitz…); minbizi-k, bizitzaren mina; eztabaida-k, ez-da-bai-da; suhiltzaile, sua hiltzen duena; ilargi, ilen argia…

Bizitzako aldaketez, erabakiez eta ikusi gabeko urteetan aldatu zaigunaz hizketan gabiltzala, tirar la toalla nola esaten den galdetu dit lagunak. «Amore eman», esan diot. «Amore? Maitasuna bezala?», galdetu dit edukia ulertu asmoz. Pentsakor gelditu naiz. Kuriosoa da nola batzuetan (uste baino gehiagotan), deseraikitzea eraikitzeko ezinbestekoa den gisan, amore ematea den amore egiteko modurik eraginkorrena.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.