Joan den ostegunean, Manteroekin Bat eta Mbolo Moye taldeek elkarretaratzea egin zuten Bilbon, kaleko saltzaileek jasaten duten indarkeria poliziala eta instituzionala salatzeko. Hain zuzen ere, Bilboko Udalari sarekada arrazistak eta azalaren kolorearen araberako identifikazioak amaitzeko eskatu zioten. Gainera, Aste Nagusia hurbildu ahala, poliziaren indarkeria arrazista areagotu dela salatu zuten eta, ondorioz, egoera prekarioan bizi diren pertsona askok isun eta ondorio penal larriak jasango dituztela.
1960ko hamarkadan, Jamil Al-Amin mugimendu afro-amerikarreko liderrak antzeko egoerak salatu zituen AEBetan. Haren arabera, afrikarrak lan-esklabotzarako eraman zituzten AEBetara eta, gero, lanik gabe geratu zirenean, kriminalizatu, hil eta kartzelatu egin zituzten, kapitalismoaren soberakin bihurtuz.
Era berean, Al-Aminek antirrazismo liberalaren kontra egin zuen: mendebaldeko nazio estatuek diote programa pedagogikoen eta tokenismoaren bidez konponduko dela arrazakeria; segurtasun nazionalaren izenean, ordea, arrazakeria instituzionala etengabe birsortzen dute, poliziaren, kartzelen, mugen eta gerren bidez.
Harrigarria da duela 60 urte eta Bilbotik milaka kilometrora egindako aldarrikapenek herenegun gertatutakoa azaltzeko balio izatea. Zapalkuntza-sistema berberaren pean gauden seinale.