Maria Oses Saiz

Bunkerra

2026ko abuztuaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gure auzoko etxeak lerroan daude eraikita, bata bestearen parean. Begira iezaiozue Bartzelonako airetiko planoa erromantizatzen duenak bezala gure langile-auzoko planoari: kuadrikula perfektua, blokeko lau pisu, zortzi etxebizitza, denak berdin banatuta: sartu eta eskuinetara komuna, ezkerretara logela, korridorean pauso bat aurrera eta eskuinetara sukaldea, ezkerretara egongela; pauso bat eta amaitu zaizu etxea.

Zera da kontua: neguan hozten diren bezain azkar berotzen dira gure etxeak udan. Eguneko egitekoei bunkergintza gehitzen zaie udako lehen izerdiak hasi bezain pronto; ilunkeran etxean dagoenari tokatzen zaio leiho guztiak parez pare ireki eta lehen haize fresko boladari sartzen uztea, eta goizean lehenengo aharrausia botatzen duenaren lana da pertsianak beheraino jaitsi eta bunkerraren babesleku klimatiko izaerari bere horretan eusten saiatzea.

Goiz sartu nintzen ohera atzo, etxea alderik alde zulatuta. Pareko fatxada osoak ere irekita zituen begiak, egun osoko bero saparen ostean atseden hartzen. Oheraino sartu zitzaizkidan goikoen afariko eltzekoaren usaina, parekoen futbol-oihuak, aldekoen musika lasaia eta etxe azpitik, egunpasaren batetik bueltan, pauso motelez paseoan zihoazenen murmurra.

Pentsatu nuen hirugarren denbora horretan gelditu nahiko nukeela bizitzen, udan sortzen den egunaren eta gauaren arteko linbo horretan: denbora geldoa, giro epela eta elkarri entzuteko besteko lasaitasuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA