Maider Arregi

Ekintza zuzena

2026ko abuztuaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gustuko dut ekintza zuzena. Eta esango didazue borroka molde zaharrak erromantizatzen ari naizela. Ez dakidala zenbat bilera egin behar diren legez kanpoko ekintza bat arrakastatsua izateko. Ez dakidala zenbat informazio burokratiko jaso behar den. Ez dakidala zenbaterainoko koordinazioa behar den militanteen artean.

Esango didazue ekintza zuzen txiki batek ez duela ezer estrukturalik aldatzen. Ez daukala estrategikotasunik ikusgarritasunaz harago. Alferrik dela horrelako bat egitea aurrez masak mobilizatu gabe. Jendea erakarri beharrean aldendu egingo dugula.

Esango didazue ekintza zuzena errepresioari dei egitea dela. Multak jasotzeko baino ez duela balioko eta isunek ito egiten dutela herri mugimendua eta hurrengo urteak igaro beharko ditugula txosnetan barra egiten eta poltsak eta kamisetak eta metxeroak saltzen.

Esango didazue hobe dela propaganda, hobe dela kontzientziazioa, hobe dela borroka instituzionala, hobe dela egitarauak antolatzea inporta zaizkigun kausen alde, hobe dela sortzea suntsitzea baino.

Esango didazue nahi duzuena eta horregatik poztuko naiz hainbeste irakurtzean lurraren aldeko aktibistek bidea oztopatu dietela Labrazara haize errotak daramatzaten kamioiei. Esango didazue nahi duzuena baina militantziak zentzua hartzen du gure gorputzak jartzen ditugunean justua den kausa defendatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA