Garazi Albizua

Eredua

2026ko abuztuaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Haurra osasuntsu eta feminismoan haztea urrats batzuk egitea dela sinistuta zaudete: literatura, zinema, musika, irudiak kontrolatzen dituzue. Artea, orobat. Izan ere, eredu bereziak izan behar ditu. Taxuzkoa da. Eskolako orduekin nahikoa ez; beraz, dantza klaseak eta biolontxeloa gehitu dizkiozue, musika lasaigarria eta askatzailea baita. Manifestaldietara ere badaramazue, eta gauero irakurri beharreko liburua ondo aztertu duzue. Podcast pare bat entzun dituzue horren kontura, badaezpada. Batek daki non egon daitekeen erreferente beldurgarria. Egin ezazue otoitz: ez dadila erori Disneyren fantasia pozoitsuan.

Mendira igotzean, asteburuero ahal dela, haritzaren azpian yoga praktikatzen hasi zarete, arnasketaren bidetik orainaz eta lekuaz jabetzeko. Pantailaren xarmatik at, mundua ulertzeko modu interesgarria eta ekologikoa da. Kirola egitea, batez ere talde kirola, ezinbestekoa da; horrela ere lagun berriak izango baititu giro osasuntsu batean. Gainera, nerabezarora heltzean, kirolak babestuko du drogez, sexismoaz eta, azken batean, nazkatzen zaituzten indarkeriez. Azukreaz beste egitea ere lortu duzue, nahiz eta, batez ere udan, kostatu zaizuen. Azkenean, etxean izoztutako fruta-izozkiak gozatu dituzue. Eta, orduan, ditxosozko haurrak hankak zuen hankekin alderatu eta galdetu dizue: iletxoak itsusiak dira, ez? Noiz kenduko ditut nireak?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA