Begiak kliskatu eta bukatu da uda. «Adiskide onekin, orduak labur», dio esaera zaharrak. Zuretzat, orokorrean, orduak labur. «Maitia, denbora ihesi doa», pintada txosnetako komunetan. Pin, pan, pun. Uste baino denbora laburragoan sartzea lortu duzu egiteko zenituen planak. Estu-estu, baina egin dituzu azkenean. Pasatu dira sanjoanak eta sanferminak. Eguzkia hartu duzu jendez lepo zegoen hondartzan. Krema eman duzu. Erre egin zara. Titular tristeak irakurri dituzu, eta aurrera jarraitu dute egunek. Juerga. Zerbeza bat. Bi. Ajea eta makarroiak tomatearekin. Hatortxu Rock. Txanda. Topa. Uxue Alberdiren Hetero irakurri. Kanpoan bazkaldu. Kanpoan afaldu. Txanda gehiago herriko jaietan. Txupito bat. Txupito bi. Txandalero, txandalari. Makarroiak tomatearekin. Familiarekin bazkaria. Kuadrillakoekin afaria. Oporrak eta hegazkin bat. Snorkel arraintxoekin. Hegazkin bi. Pin, pan, pun! Begiak ireki dituzunerako pasatu dira Donostiako eta Bilboko Aste Nagusiak. Abuztuaren 27a da gaur, eta agendari begirada bat ematea komeni zaizu. Libido politikoa baxu daukazu. Dopamina gaindosiaren albo-kaltea izango da?
Iraila hasi ere ez da egin eta, dagoeneko, datorren urteko udari uluka ari zara. Baina izan zintzoa; zure eta nire artean, onartu: zuk ere behar duzu errutina gainean daramatzazun arduretatik, damuetatik, lotsatik, dolutik, kudeaketatik edo erabakietatik ihes egin, eta zeure buruarekin bakarka gehiegitan ez elkartzeko. Noiztik ari zara zeure buruarengandik ihesi?