Yasmine Khris.

Euskaldun baten kezkak

2026ko abuztuaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela pare bat urte, lagun bati «euskarak agobiatzen nau» esan niola oroitzen naiz. Terraza batean geunden, ni negarrez krisi baten ostean eta laguna enpatiko oso. Perpausaren larritasunaren atzean, korapilo handi bat hasi zen garatzen nire buruan eta eztanda egin zuen. Distantziarekin ikusita, euskarak ez ninduen estutu, inondik inora, baina sentitzen nuen ezintasuna ezin nuen benetan euskaraz islatu, eta une horretan hizkuntzari bota nion errua.

Gaur egun, nire kezka beste bat da eta espazio hau baliatu nahi dut guztiz gardena izateko. Sentitzen dut, irakurle, zutabeak aitorleku itxura hartzen badu, baina uste dut zilegi dela zuekin partekatzea.

Euskararen normalizaziorantz joan ordez hura banalizatzeko beldur naiz. Erne ez egoteko beldurra. Nire esaldiak gehiago ez zaintzearen beldur. Hitzak bilatzeko denbora gehiago ez hartzeko beldur. Nolabait, hizkuntza hondatzeko errutina batean sartu izanaren beldurra. Segur aski handiustea izango da nire aldetik horrela esatea, baina titulazio batek (azkenean paper zati bat besterik ez da) maila bat bermatzen didanez, ez dut, beraz, gehiago ahalegindu beharrik. Badakit gehienak pentsamendu intrusiboak direla, ziur bainago ni ez naizela hori gertatzen zaion lehenbizikoa.

Ez ikasgairik ez moralik zutabe hau bukatzeko, barkamenak baino ez: barkatu, laguna, txorakeriak entzunarazteagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA