Gertaera handiak beti galtzen ditut. Edo beste zerbait egiten ari nintzela harrapatzen naute. Kennedyren hilketa gertatu zenean, negar egin nuen, bai, baina malkoak atera zitzaizkidan gose nintzelako eta gurasoak telebistari itsatsita zeudelako.
2001eko irailaren 10ean oheratu nintzen eta 28 orduz egon nintzen ohean, gripeak jota. Bakarrik bizi nintzen orduan. Asteartean etxetik atera eta estankora jo nuen. Ezagutzen nuen hippie bat han zegoen, OCB paperak erosi berriak eskuan. Esan zidan: «Zergatik ez zituzten bikiak bakean utzi, zergatik?». Esaldiak ez zuen zentzurik, baina tipo hark hainbeste erretzen zuenez, esan ziezadakeen azkonar guztiak Australian desagertu zirela ere, eta ez nintzatekeen harrituko. Ohera itzuli nintzen, eta gaueko Telediarioan bi dorreen hondakinak ikusi nituen.
2003an, Euskaldunon Egunkaria egunero erosi eta irakurtzen nuen. Otsailean, gripearekin nenbilen berriro, eta bi egunez etxean geratu nintzen, etxetik atera gabe, telebistarik ikusi gabe eta egunkaririk erosi gabe. Bi egun haietan, Euskaldunon Egunkaria itxi eta hainbat lagun atxilotu zituzten.
Kioskoan, egunkaria eskatu nion saltzaileari, eta berak: «No, pero tienes Egunero». Tipo nahiko zakarra eta haserrekorra zen, eta euskararekin zerikusirik izan nahi ez zuela ematen zuen. Horregatik, harritu egin ninduen euskarazko egunero hitza erabiltzeak.
Beraz, hiru Egunkari egunkariak irakurri ditut. Espero dut laugarrena galtzea.