Maria Oses Saiz

Heladeroa

2026ko abuztuaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Txikitan, abuztuko azken astearekin batera iristen zen urteroko plana: maletatxoa egin, furgonetan sartu eta aitonaren herrira joaten ginen. Nafarroako herri txiki-txiki bat: etxeak, frontoia, kanposantua eta eliza. Bi aldapa pikoren inguruan eraikia, ikasturte berriari ekiteko azken bultzadatxoa ematen ziguna urtez urte.

Ostiraletan, egun osoa kalean eman ostean, etxera joaten ginen afaltzera, hitzordua argi utzita: «Heladeroa entzuten dugunean, denok plazara, bai?». Zaila zen aulkian lasai eserita afaltzea; ezer jatea ere distrakzio handiegia zen. Gaueko hamarrak inguruan, tzun-tzun-tzun urrun bat hasten zen leihoetatik sartzen. Ahizpa eta biok ia aulkitik erorita irteten ginen etxetik. Aldapan behera korrika, lagunak batzen joaten zitzaizkigun, 3 urtetik 16 urtera bitarteko hamar ume plazan elkartu arte, bi euroko txanpon izerditu bana eskuan. Furgoneta zahar bat, izozkitegi bat haren barruan muntatuta, koloretako argi batzuk eta Los 40 Principales-eko hit-ak topera. Hori ilusioa.

Lanean hasi naiz asteon, eta nahi baino azkarrago lurrundu zait oporretan berreskuratutako patxada. Bazkalostean, azeleratuta jaitsi ditut etxeko eskailerak. Irten, eta bebarru pareko bankuan eserita aurkitu ditut bakarrik bizi diren bi bizilagun, bi andre jubilatu, Cornetto bana eskuan. Arrazoi dute: abuztua oraindik ez da amaitu, eta ilusioa beti izan da jarrera kontua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA