Txerra Rodriguez.

Lana gorroto dugu

2025eko abuztuaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urtebete daramat lan egin barik, eszedentzian edo, erdi txantxetan aipatu izan dudan moduan, aurretik erretiroa hartuta (baina, gutxi barru, astero ostera hastera behartuko nau bizitzak, zoritxarrez). Eta lan barik daramadan tartean asko irakurri dut eta, besteak beste, David Graeber egilea deskubritu dut. Bere hainbat lan irakurri dut, tartean Bullshit jobs aparta.

Liburu osoa da azpimarratzeko modukoa, begirada antropologiko oso fina du, eta lanaren inguruko mila eta bat ertz zorrozten ditu, bere ohiko prosa trebe eta irakurterrazean. Graeberrek galdetzen duena zera da: zure lanak balioa du jendarterako? Zure lana alferrikakoa da?

Liburutik, hala ere, aipu bi ekarri nahiko nituzke, biak nik itzuliak. Lehena hauxe: «Jende gehienak duintasunaren eta autobalioaren zentzua lanaren bidez lortzen du». Eta bigarrena: «Jende gehienak bere lana gorroto du». Hau da, jende gehienak lanaren bidez autorrealizazioa lortzen du, baina jende gehienak gorroto du gaur egun egiten ari den lana. Eta, hortaz, gehienentzat lana ez da autorrealizaziorako bide.

Astelehenero nirekin aurrejubilazioa partekatu duenak katilu bera erabiltzen du gosaltzeko eta katiluan honako esaldi hau dago idatzia: «Ez dituzu astelehenak gorrotatzen, kapitalismoa baizik». Ez naiz ni esaldi hori zalantzan jarriko duena, baina agian, beharbada, apika, gehienek ez dute kapitalismoa gorrotatzen, (euren) lana baizik.

Irailaren atarian gogoeta egiteko moduko galderak eta zalantzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.