Itzea Urkizu Arsuaga.

Leihogintzaz

2026ko abuztuaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Benetan ondo bizitzearen fantasiarekin ezkondu beharko bagenu urte garai bat, uda litzateke. Gauero hipotenusa ikusezin bat marraztea haizeari, egongelak eta sukaldeak osatzen duten angelu zuzeneko leihoak zabalduta, gorputza sofari edo liburu bati edo zutabe bat idazteari eskaintzen diozun bitartean. 

Haizeak galdera bat ekartzen dizun arte: uda baldin bada ondo bizitzeko urtaroa, baita ondo hiltzekoa ere, ezta? Begira, bestela, Benidormeko supermerkatu batean egunak pasatu dituen errauts potoari. Hain anekdota, hain errutina, hain despiste. Hain bizitza. 

Uda amaiera zen eta zazpi urte nituen aitona hil zenean, nire begiekin ikusi nuenean amak bere aita hil zela abisatzeko jaso zuen deia. Guztiaz jabetzen nintzen, baina anaiaren eta bion zaintzan geratu ziren helduek ez ziguten aipatu ere egin aitonarena.

Haur hark inuzentearena egin zuen eta, bitartean, ondorioztatu haurrei ez zitzaiela tokatzen heriotza ulertzea. Muturra behar ez zen lekuan sartu zuela pentsatu, eta honezkero bizi estilo bilakatu zaion erruaren zama bizkarrean sentitu. 

Gure haurrei birramona hil zaie uda honetan, eta beilatokian gorpua ikustera eraman genituen. Leihoak, zeruaren ordez. Mentazko goxokiak egoten diren lekutik kristaleraino, ez dakit zenbat pertsona saiatu ziren haurrek hildakoa ikus zezatela oztopatzen. 

«Lotan bezela dao», esan zuten. Eta helduek bizitza osorako trauma espero zuten lekuan, nik halako sosegu bat sumatu nuen haurrengan. Uda ere bai baita ondo bizitzen ikasteko leihoak zabaltzen saiatzea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA