Yasmine Khris.

Minimalismoa

2025eko abuztuaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Argazki batzuk erakutsi dizkit amak: lagun batek Airbnb-a berritu du udarako eta WhatsApp taldean bidali ditu. «Ba bai, Airbnb baten antza du», adostu gara biok. Azaldu gabe zergatik, erreferentzia erabat ulertu dugu: pareta zuriak, etxebizitza pilotu baten gisan, sukaldea irekia eta sakrosantu minimalismoa. Moda minimalista ez da berria, baina nagusitu da etxeko tendentzietan. Marie Kondo idazle japoniarraren eragina ageria da: hobeki bizitzeko, gutxiago behar da. Nire adineko jendearen sareetan ere ikusten dut: modako liburu lodi bat (inoiz irakurri gabea) mahai baxu baten gainean, markorik gabeko paretak, sofa gris lodi bat… estetika minimalista koloreen galerarekin nahastu ohi da.

Itxura elegantea ematen omen du, dotorea, garbia… baina batez ere aberatsa, diruduna. Minimalismoaren jatorrizko joera bazen hiperkontsumoaren kontra jotzea, «gutxienekoa goraipatzea, batez ere, prestigioaren eta gizarte-bereizketaren bilaketa da Mendebaldean», dio Fanny Praise antropologoak. Minimalismo mota honek «zikin», «kitsch», gustu txarra, «gehiegi» eta gaizki ordenatuari aurre egiten dio, bereizketa sozialaren ohiko adierazgarri bat da. Bourdieuk zioen, halaber, burgesiaren barnealde txukun eta zabalak herri-klaseez leporaino beteta dauden espazioen aurka daudela. Oraindik oroitzen ditut gurasoak «gorde badaezpada!» esaten, bota nahi nuen traste bakoitzean. Eskerrik asko, ama/aita, zuengatik ez naizelako bizi hortz-klinika batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.