Yasmine Khris.

Oraina

2025eko abuztuaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bosforo ari gara gurutzatzen. 30 kilometroko luzera eta 3.700 metroko zabalera handiena du itsaso irteera horrek —hori Wikipediak eman dit—. Irteera da, baina Itsaso Beltzeko sarrera ere bai. Barkua goizean hartu dugu, 10:35ean, Anadolu Kavağı herrira heltzeko. Bazter asiatikoan gaude, lehenbizikoa niretzat. Antxetak dantzan daude gure gainean arraina datorrelakoz. Nire ingurura begira nago eta hainbat hausnarketa/galdera egin dizkiot neure buruari: ze zortedun garen; Itsaso Beltza, pentsa, hau gerraren eszenatokia ere bada; lehen ikusitako kontainer-ontziak bata bestearen atzean… Zer daramate? Ukrainako garia? Temun edota Ali Expressen salduko diren mila gailutxo merke? Beste gerra bat elikatzeko balio duten armak?

Bueltako bidean, aho zabalik geratu gara itsasarte ertzeko etxeen aurrean, hirigunearen nahas-mahas hutsarekin kontrastea egiten dutenak. Barruan jendea lo dago, ayran jogurta jaten —nik ere nahi nuen bat, baina «finish», langileak dixit. Zenbat kontsumitzen duten turkiarrek! Bai, egia da, oraindik ez nuen aipatua Turkian nengoela, baina asmatuko zenutela pentsatzen dut. Eta zalantza duenarentzat, hemen kilometroka dauden bandera txuri-gorriak ikusita, erraza da ez okertzea. Ondoan, Nafarroako foru enparantzarena txikia geratzen da. Uf, Nafarroa. Iruñera itzuli beharko dugu egun batean, ez? Eminönü plazara iritsi gara ilunabarrean, eta eszena idilikoa zait. Toma, FOMOa joan zait, orainean nago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.