Maider Arregi

Topa!

2026ko abuztuaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lehen Euskal Udalekua 1964an antolatu zen, Barrian. Ikastolen mugimenduko hainbat irakaslek eta gurasok antolatu zuten, frankismoari aurre eginez, haurrek izan zezaten euskaraz bizitzeko aukera udan ere.

Hasiera-hasieratik, udalekuen irizpideetako bat izan zen ahalik eta udaleku merkeenak antolatzea, langileen seme-alabak jasotzea baitzen helburuetako bat, umeak ez zitezen udalekurik gabe gera arrazoi ekonomikoengatik.

Hasierako mugimendu hori herriz herri, etxez etxe, eskuz esku, helburuz helburu, lan boluntario askoren ondorioz, joan zen hazten Goñin, Abaigarren eta Bernedon egonkortu zen arte.

Azken urteetan Euskal Udalekuetako hezitzaile izan garenok ez dugu ezer asmatu. Badakigu gure jatorriaz, eta, betiko balioei eutsiz, balio berriak batu dizkiogu mugimenduari; transfeminismoa, besteak beste.

Badakigu nondik datorren erreakzioa. Nondik datorren manipulazio mediatikoa. Nondik datorren Euskal Udalekuen kontrako kanpaina. Beste bandoa betikoa da.

Euskal Udalekuen helburua hasieratik izan da haurrei erakustea posible dela mundu ederrago batean bizitzea hamabost egunez. Horregatik, gaur, pozik egingo dugu topa Bernedoren alde, Euskal Udalekuen alde eta etorkizuneko haurren eta hezitzaileen alde. Guk izan dugun zorte bera izan dezaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA